Esteladak eta ikurrinak elkarrekin

Guaixe 2019ko urr. 15a, 08:35

Espainiako Auzitegi Gorenak 2017ko lastailaren 1eko erreferendumagatik Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistei bederatzi eta hamahiru urte arteko kartzela zigorrak jartzea salatzeko kontzentrazioak egin ziren atzo. Larunbatean Donostian eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Gure Esku Dagok (GED) deituta makina bat sakandarrek kontzentrazioetan parte hartu zuten atzo. Erreferenduma ez da delitua, askatasuna! Gure erabakitzeko eskubidea defenda dezagun lelopean egin ziren bilkurak Irurtzunen, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Ziordian. Elkarretaratzerik egin ez zen herrietan Kataluniako epaia salatzeko pankartak jarri zituzten. 

Kontzentrazioen akaberan GEDeko kideek Gorenaren epaia “demokraziaren kontrako eraso larria” izan dela nabarmendu zuten. Epaiketa “politikoa” izan dela eta aurretik “amaiera justu bakarra absoluzioa” zela gaztigatu bazuen ere, epaiarekin “Espainiako estatuak berretsi du demokrazia larrialdi batean gaudela”. GEDeko kideek nabarmendu zutenez, “zigorrak ate handi bat ireki du eskubide zibil, politiko eta kolektiboak kriminalizatzeko: manifestazio eskubidea, adierazpen askatasuna, protestarako eskubidea, bozkatzeko eskubidea edota autodeterminazio eskubidea. Oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin da delitua izan demokrazian. Botere publikoen ardura da haien erabilera bermatzea”. 

Epaiarekin desadostasuna agertu ondoren, GEDetik azpimarratu zutenez, “etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu”. Horregatik, GED erreferendumaren aldeko herri ekimena lantzen ari direla gogorarazi zuten. “Ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari”. GEDeko kideek erabakitzeko eskubidearen aldeko defentsa egitera deitu zuten. 

Erlazionatuak