Nafarroako hainbat herrietan lanean ibilitako Euskaraldiko batzordekideak, Euskarabideko kideak, Nafarroako Euskalgintzako partaideak, Euskaltzaleen Topaguneko kideak eta 2019-2020ko ariketan parte hartuko duten hainbat entitate elkartu ziren Iruñeko Katakrak-en irailaren 30ean, Euskaraldiaren bigarren edizioaren Nafarroako jendaurreko aurkezpenean. Han eman ezagutarazi zituzten Euskaraldiak 2019-2020ko edizioan dakartzan berrikuntzak.
Euskararen erabilera handitzeko ariketa sozialaren oinarria Belarriprestak izanen dira. Haiek euskara ulertzen dutela ziurtatzen duten pertsonak dira eta euskal hiztunei lasai eta eroso euskaraz hitz egiteko sare zabala eskaintzen diete. Ahobiziek edonon eta edozeinekin euskaraz aritzeko jarrera hartuko dute berriro. Baina bi rol horiekin batera Euskaraldia berriak Ariguneak ekarriko ditu. Ariguneak entitateen baitan euskaraz eroso aritzeko guneak. Modu kolektiboan ariketa soziala burutzeko erraztasunak emanen dituzte izena ematen duten entitateek, hain zuzen ere, barne zein kanpo Ariguneak identifikatuz eta sortuz. Administrazioan, enpresetan eta elkarteetan sortu daitezke Ariguneak. Batzuk entitatearen barrura begira euskara erabiliko dute, eta besteek kanpora begira. Hori entitate bakoitzean erabakiko dute.
Euskaraldiaren bigarren edizioaren beste berritasun bat da 11 egun beharrean 15 egunez eginen dela ariketa soziala, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Herrietako batzordeek izena emateko epea dagoeneko zabalik dago. Oraingoan ere Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak ekimena sustatzeko duten hitzarmena sinatu dute. Azaroaren 23an Iruñeko Zentral aretoan Euskaraldia gizarteratzeko ekitaldia ospatuko da, 11:00etatik 13:30era.