Nafarroako Mendialdearen garapenerako elkarteak, Cederna-Garalurrek zuzendaritza berria aukeratu zuen irailaren 25ean. Bi hautagai aurkeztu ziren lehendakaritzara: Patxiku Irisarri Elizagoien (Etxalar, EH Bildu) eta Isabel Sanchez Alfaro (Esteribar, Olloki taldea). Aurrenak 22 boto jaso zituen eta atzenak 6. Beraz, Etxalarko zinegotzia da Garalurren lehendakari berria. Lehendakari-ordea Mikel Zabaleta Aramendia (EH Bildu) Leitzako alkatea izanen da (aldeko 26 boto eta 2 abstentzio). Garalurreko idazkari ardura Ander Magallonek hartu du, Zubiriko Etxeko mikrokooperatibako bazkidea (aldeko 28 boto). Azkenik, momentuz, diruzain kargua bete gabe dago.
Elkartetik azaldu dutenez, lehendakari berriak “ondo baino hobeto ezagutzen ditu toki- eta foru-administrazioak. Horrez aparte, ekintzailea da landa-turismoaren arloan, eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoaren presidentea”. Garalurren zuzendaritza batzordeak 34 kide ditu, bost sakandar. Azpi-eskualdeen ordezkari gisa daude David Oroz Alonso Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, Oihana Olaberria Jaka Arakilgo alkatea eta Javier Ollo Martinez, Altsasuko alkatea. Sektore pribatuaren ordezkarien artean daude Javier Artetxe (Sakanako Enpresarien Elkartea) eta Iker Manterola Matxain (Sakanako Garapen Agentzia).
Orain arteko lehendakariak
Zein Aldia
Jose Mª Aierdi 1991-1999
Jose Javier Esparza 1999-2007
Luis Mª Garate 2007-2011
Jose Mª Aierdi 2011-2015
Maite Iturre Llano 2015-2019
Patxiku Irrisarri Elizagoien 2019-…