“Alderdiei konpromiso zehatzak jasotzeko eskaera egingo diegu hizkuntza gutxiagotuen alde lan egiten dugun eragileok”

Guaixe 2019ko urr. 15a, 19:03
Hizkuntza-gutxituen normalizazioan lanean dauden taldeetako ordezkariak bilduta.

Lan-bilera egin zuten Valentzian Estatuko hizkuntza-gutxituen normalizazioaren alde lan egiten duten gizarte eragileek, eta bertan izan zen Kontseiluko idazkari nagusia; azaroaren 10eko hauteskundeei begira, zenbait ildo zehaztu dute, tartean, agerraldia egitea Madrilen hilaren akaberan. 

2019ko apirilaren 10ean aragoieraren, asturieraren, galegoaren, euskararen eta katalanaren alde lan egiten duten zenbait eragilek, besteak beste, Kontseiluak, lau hiritan egindako aldibereko agerraldietan “Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia” izeneko dokumentua aurkeztu zuten.

Aipaturiko dokumentuan alderdiek hartu beharreko konpromiso-sorta bildu zuten. “Egun desorekan daude gaztelania eta hizkuntza gutxituak; horrexegatik, berdintasuna, askatasuna eta demokrazia erdiesteko, beharrezkoa da, besteak beste, eskubideak eta betebehar berdinak aitortzea, administrazio publikoan hizkuntza gutxituan gaituak diren langileak kontratatzea, epaitegietan hizkuntza gutxituen erabilera normalizatzea edota gaztelaniaren lege bidezko inposizioari amaiera ematea. Hartara, hori da guk zehaztu ditugun konpromisoen muina” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Izan ere, hainbat alderdik erakutsi izan dute Gobernura iritsiz gero, asmoa dutela berezko hizkuntzan bizi nahi duten herritarren eskubideak murrizteko neurriak hartuko dituztela: “Horrexegatik, ez gatzaizkie alderdi horiei zuzendu. Aitzitik, gainerako alderdi guztiei eskatu nahi diegu dokumentuan jasotako konpromisoak bere egin ditzaten” azaldu zuen Bilbaok.

Horretarako, hilaren 3ko bileran dokumentuaren edukia gizarteratzeko eta alderdien konpromiso zehatzak jasotzeko hainbat dinamika abian jartzea erabaki zuten parte hartzaileek, besteak beste, hilaren akaberan Madrilen agerraldi bateratua egitea.