"Egiten ari garenaren lehenengo urratsa da hau" Eta egitean ari direna "bailara" da. David Oroz Sakanako Mankomunitateko presidenteak Mankomunitatearen Plan Estrategikoa aurkeztu zuen asteazkenean, Mankomunitateko langile eta Sakanako udaletako ordezkari eta eragileen aurrean. Gainera, Plan Estrategikoa aurrera eramaten laguntzen ari diren EMUN-eko langileak ere zeuden aurkezpenean. Udal, eragile eta herritarrak plana garatzeko prozesu parte hartzailean parte hartzeko deia luzatu zuen Orozek. Urriaren 17an, 22an, 23an eta 24an izanen dira.
Sakana barrura begiratzen duen, baina, bereziki, "kanpora" begiratuko duen Plan Estrategikoa prestatu du Mankomunitateak, David Orozek azaldu bezala: "Bailara eraikitzen ari gara". Hortaz, aurkeztu duten planaren oinarria "parte hartzea" da.
Lehenengo parte hartze saioa Mankomunitateko langileek egin zuten, eta "esperientzia positiboa" izan zela esan du Orozek. "Saio bereziak prestatzen dituzte, entretenigarriak eta oso emankorrak". EMUN-ek ematen ditu saioak. Plan Estrategikoaren parte hartze prozesuaren barruan lau saio eginen dituzte: lehenego saioa urriaren 17an, ostegunean, izanen da, 18:00etan, Lakuntzako kultur etxean. Sakanako udaletako ordezkariak eta eragileak deituta daude: euskararen eragileko, kiroletakoak, garapen agentziarekin elkarlanean aritzen direnak eta agar. Urriaren 22an, asteartea, Lakuntzako kultur etxean, 18:00etan, udal ordezkariendako eta eragileendako bigarren saioa izanen da. Hirugarren eta laugarren saioak, aldiz, "herritarrendako" izanen da. Urriaren 23an eta 24an izanen dira, 18:00etan, Irurtzungo eta Altsasuko kultur etxeetan, hurrenez hurren.
Erreferentzia
Sakanako Mankomunitatea eskualde baten kudeaketa erreferentzia dela azaldu du Orozek. "Batzuetan kanpotik etorri behar dira barruan duguna baloratzeko". Plan Estrategikoarekin lanean aspaldi hasi ziren, baina lehenengo lanak "barrura begira" egin dituzten. "Mankomunitatearen historia osatu dugu, izan ere, langileen artea badira 30 urte daramatenak, eta azkena duela bi hilabete sartu dena".
EMUN-ek gidatutako parte hartze saioetan AMIA (aukera, mehatxu, indargune eta ahulezia" aztertu dute, "baina ez zerbitzu bakoitzarena, baizik eta orokorrean Mankomunitateari begira". Lortutako emaitza hauekin "ikuspegi orokorra" osatu nahi dute.
Parte hartze saioetan ematen diren emaitzekin "barrura" eramango dituzte ere eta Mankomunitatean sortu den hausnarketa taldeak landuko ditu. Bost urtetan lan egitekoa da plana.
Parte hartze saioak
Lastailak 17, osteguna
Lakuntzako kultur etxean, 18:00etan. Udal ordezkariak eta herrietako eragileak.
Lastailak 22, asteartea
Lakuntzako kultur etxean, 18:00etan. Udal ordezkariak eta herrietako eragileak.
Lastailak 23, asteazkena.
Irurtzungo kultur etxean, 18:00etan. Herritarrak.
Lastailak 24, osteguna.
Altsasuko Iortia kultur gunean, 18:00etan. Herritarrak.