Atletismoa

Sakanako Herri Lasterketa urriaren 27ra atzeratu dute

Guaixe 2019ko urr. 16a, 14:10
2017ko Sakanako Herri Lasterketa, Uharte Arakilen.

Hasiera batean urriaren 26an zen jokatzekoa, arratsaldean, Etxarri Aranatzen, baina urriaren 27ra aldatu dute, goizeko 11:00etatik aurrera

Aurten Etxarri Aranatzek hartuko du Sakanako Mankomunitateak antolatutako XIX. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia. Hasiera batean urriaren 26an jokatzekoa zen, larunbat arratsaldean, baina hurrengo egunera aldatu dute. Izan ere, urriaren 26an Altsasuko gazteen aldeko kontzentrazioa dago deituta Iruñean. Horrela, urriaren 27an, igandearekin jokatuko da XIX. Sakanako Herri Lasterketa, Etxarri Aranatzen. Goizeko 11:00etan kategoria txikiko lasterketak jokatuko dira, eta 12:00etan proba nagusia (7,7 km). 

Izena ematea zabalik
Izena ematea zabalik dago, www.herrikrosa.eus web gunean. Urriaren 25era arte izena ematen dutenek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Kategoria txikikoek, gazteek eta kadeteek ez dute ordaindu behar izango, baina inskripzioa bete beharko dute. 

Sakanako Herri Lasterketa jokatzeaz gain, 11:45ean Errefuxiatuen Aldeko Oinezko Martxa abiatuko da; lasterketarako prestatu den zirkuituari buelta bat emango zaio, oinez. Martxan parte hartzen dutenen artean bi pertsonendako bazkari edo afaria zozketatuko da.