Pilota

Ezkurdia: “Unaik potentzial asko dauka; ea igandeko sentsazio onek segida duten”

Guaixe 2019ko urr. 18a, 11:38

Lau T’erdiko final-laurdenetako ligaxkako 2. jardunaldian Joseba Ezkurdiak aurten ustekabea ematen ari den Unai Laso izango du aurkari larunbatean Bilbon (17:45, ETB1). Irabaztetik datoz biak eta nahiz eta arbizuarra faboritoa izan, partida zaila espero du

Lau T’erdiko Pilota Txapelketa final-laurdenetako ligaxkan dago. Ligaxkako lehen jardunaldian Bengoetxea 8 tantotan uztetik iritsi da bigarren jardunaldira Joseba Ezkurdia. Eta bihar, larunbatean, txapelketako sorpresetako bat den Unai Laso biskarretarra izanen du aurrez aurre arbizuarrak Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:45, ETB1). Aurreko larunbatean erakustaldi bikaina eman zuen Lasok Altsasun, eta Artola 9 tantotan utzi zuen. Asteartean material aukeraketa egin zuten biek, eta gustura azaldu ziren Martin Alustizak aurkeztutako pilotekin. 

“Pilota onak dira, gustura geratu naiz. Berarenak igual bajuxeagoak dira, baina berak bere gustuko pilotak baditu eta nik nire gustukoak, gustura” azaldu zuen arbizuarrak. Lasok ere aurkeztutako materiala “ona” zela adierazi zuen. “Pilota txukunak dira. Ezkurdiarenak pixka bat gehiago ibiltzen dira goitik, berari hori komeni zaio, baina pilota onak dira. 

Ezkurdia: “Laso oso pilotari arriskutsua da”
Joseba Ezkurdiarendako, Lasoren kontrako biharko partida “zaila” izanen da. “Unai oso pilotari arriskutsua da, oso erasokor jokatzen du eta izugarri estutzen du. Konfiantza ikaragarriarekin dago, oso puntu onean. Potentzial asko dauka, joko maila altua, txapelketako ligaxkan lehenengoz sartu da eta gauzak oso ongi egiten ari da. Bere mailarekin sorpresa hartu ahal dudan? Sorpresa igual gaztea delako, baina erakusten ari da ikaragarri ari dela jokatzen. Kontuan hartzeko pilotaria da” aipatu zuen aurrelari arbizuarrak. 

Baina Ezkurdia momentu onean dago. Egungo txapelduna bikain aritu zen final-laurdenetako lehen jardunaldian, eta sentsazioak oso onak dira. “Ongi nago, aurreko partidara tentsio pittin batekin joan nintzen, urduritasun puntu batekin, txapelketako lehen partidan gertatu ohi den bezala, baina oso ongi egin nuen beroketa, tentsioa kanporatu nuen eta Bengoetxearen kontrako partidan oso zentratua egon nintzen, partidatik ia atera gabe, eroso. Ongi ikusi nuen nire burua, sentsazio onekin, eta ea ere larunbatean Bilbon sentsazio horiek ditudan. Dena den, argi dut Unairen kontra nik nire lana oso ongi egin behar izango dudala irabazteko aukerak izateko, eta esperantza horrekin nago” gaineratu zuen. 

Arbizuarrak ez omen du txapelduna izatearen presio hori sentitzen. “Nahiko genuke urtero faborito izatea… (kar, kar). Ea txapelketa ona egiten dugun eta txapela lortzeko borrokan gauden. Badakit kantxan batetik bestera mugiarazi nahiko didala, baina nik bera ere. Kantxako erdigunea hartu eta tantoan ahalik eta gehien agintzea izango da gakoa. Partidan guztiz sartuta egon beharko naiz, tantoz tanto jokatu eta ea zer ateratzen den” aitortu zuen arbizuarrak. 

Unai Laso: “Igandean ikusi genuen zelako sasoia duen txapeldunak”
Unai Lasok argi utzi zuen Ezkurdiaren kontra partida “oso gogorra” espero duela. “Igandean argi ikusi genuen zelako sasoia duen txapeldunak. Ea zer egiten dudan” adierazi zuen. Txapelketako sorpresetako bat da Laso, eta Biskarreta Gerendiaingoak aipatu zuen “konfiantza gehiagorekin” dagoela eta partidatan “gehiago zentratzen” ari dela. “Eta hori oso garrantzitsua da txapelketetarako” gaineratu zuen. Argi du partida zaila izango dela. “Ezkurdiari kantxan mugiarazi behar zaio,  pilotari oso altua delako, baina egia esan fisikoki oso ongi dago eta zaila izango da” aitortu zuen. 

Gainontzeko partidei dagokienez, gaur, ostiralean, Bengoetxea VI.ak Artola izango du aurkari Gernikan (20:00, ETB1); Victorren kontra ariko da Peio Etxeberria larunbatean 18:00etan Logroñon; eta igandean Altuna III.a eta Erik Jaka Eibarren lehiatuko dira (17:00, ETB1).