Kataluniari elkartasuna adierazteko hiru deialdi

Guaixe 2019ko urr. 18a, 09:03
Uharte Arakilen epaiagatik protesta egiteko kontzentrazioa egin zuten astelehenean.

Euskal gehiengo sindikalak deituta lantegietan kontzentrazioak eginen dira gaur. Gainera, 12:00etan Altsasuko udaletxe parean elkarretaratzea eginen da. Bestetik, Gure Esku Dagok deituta Donostian manifestazioa eginen da, bihar, 17:30ean, Antiguatik abiatuta.

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi subiranista politiko eta sozialak zigortzen dituen epaia jakinarazi zuen astelehenean. Haietako bederatziri 9 eta 13 urte arteko espetxe zigorra jarri die eta gainontzeko hirurei isunak eta inhabilitazioak. Guztiei sedizioa eta diru publikoen erabilera bidegabea egotzi die auzitegiak. Epaia salatzeko Gure Esku Dago (GED) dinamikak deituta kontzentrazioak egin ziren Irurtzunen, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Ziordian astelehenean Erreferenduma ez da delitua, askatasuna! Gure erabakitzeko eskubidea defenda dezagun lelopean. Gainontzeko herrietan kataluniarrei elkartasuna azalduz pankartak jarri zituzten. 

GEDek lelo berarekin biharko manifestazioa deitu du Donostian eta hara joateko deia egin du. Dinamikako kideek iritziz, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia “demokraziaren kontrako eraso larria” izan dela nabarmendu dute. Epaiarekin “Espainiako estatuak berretsi du demokrazia larrialdi batean gaudela”. GEDeko kideek azpimarratu dutenez, “zigorrak ate handi bat ireki du eskubide zibil, politiko eta kolektiboak kriminalizatzeko: manifestazio eskubidea, adierazpen askatasuna, protestarako eskubidea, bozkatzeko eskubidea edota autodeterminazio eskubidea. Oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin da delitua izan demokrazian. Botere publikoen ardura da haien erabilera bermatzea”. 

Dinamikako kideek gaineratu dutenez, “etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu”. Horregatik, GEDeko kideek erreferendumaren aldeko herri ekimena lantzen ari direla gogorarazi dute. “Ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari”. GEDeko kideek erabakitzeko eskubidearen aldeko defentsa egitera deitu zuten. 

Langileak gaur
ELAk, LABek, STEILASek, ESK-k, Etxaldek eta Hiruk deituta Kataluniari elkartasuna adierazteko kontzentrazioak eginen dira lantokietan. Euskal gehiengo sindikalarendako “botoa ematea ez da delitua. Ez behintzat demokrazian. 12 pertsona zigortu dituzte demokrazioan delitua ez den, eta izan ezin den zerbait egiteagatik”. Epaiarekin “estatuak mezu beldurgarria” bidali duela gaztigatu dute sei sindikatuek: “gure etorkizunari buruzko erabaki bat noizbait hartzeko itxaropena galarazi nahi digu. Epaia eskarmentu gisa dator”. 

Lantegietan deitutako kontzentrazioekin gehiengo sindikalak gaur adierazi nahi du ez dela “sortu Euskal Herriaren eta herri katalanaren asmo politikoak isilaraziko dituen epairik, ez estaturik”. Gaineratu dutenez, “kontu honetan azken hitza ez da zigorra, errepresioa edo mendekua izanen. Bilatuko dugu bidea beste herrialdeetako herritarren pare izateko, guri eragiten digunari buruz erabakitzeko gauza izateko, baita beste estatuekin harremana izateko moduaz ere”. Sei sindikatuek mobilizatzera deitu dute: gaur lantegietan kontzentratzera; gaur, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean eginen den bilkuran parte hartzera eta bihar, 17:30ean, Donostian eginen den manifestaziora joanez.