Sakandarren artean zientzia kultura euskaraz sustatu asmoz antolatu du Zientzia Tabernetan zikloa Guaixe fundazioak, bere 25. urteurrenaren harira. Zientziari buruzko ziklo berezi horrek bederatzi ikerlari eta teknologo bildu ditu eta, zein bere esparrutik, zientzia gai bat azalduko du tabernaren giro lasaian. Hainbat esparrutako hizlariak dira hiru tabernetatik pasako direnak.
Eta hitza hartzen aurrenak Alaitz Ruiz de Luzuriaga, Miren Barberiak eta Karmele Gomez Garmendia izan ziren, Irurtzungo Pikuxarren, joan den ostiralean. 20 bat pertsona izan zituzten adi-adi entzuten. Aurrena kimikaria da eta material plastikoen ezaugarrien berri eta dagoeneko gure artean dauden material plastiko adimenduak zer diren azaldu zuen. Ruiz de Luzuriagak lan egiten duen Donostiako CIDETEC zentroan bere burua erreparatu zezakeen polimeroa sortu zuten. Terminator plastiko horren lagina eskutan hartzeko aukera izan zuten. Entzuleei esperimentuak egin eta ura material plastiko bihurtzeko aukera eman zien Ruiz de Luzuriagak.
Miren Barberia azalpenak ematen.
Segituan, Barberia biologoak, berriz, guk botika bat farmazia batean eskuratu arte egin behar duen ibilbidearen berri eman zuen. Tratamendu (eraginkor) gabeko gaixotasunari buruzko informazioa jasoz hasten dute ikerketa. Tratamendu proposamena egin eta entsegu pre-klinikoak egiten dituzte, azkenik, pertsonekin fase klinikoa egiteko. Barberiak argitu zuenez ikerketan mugarik handiena dirua falta da. Hura gabe ez dago ikerketarik. “Proiektu txikiak, oinarrizko ikerketa, 100.000 euro ingurukoak izaten dira. Ministerioari eskatzen zaio laguntza”. Milioika euro behar dira ikerketa dena botika moduan farmazietara iristeko. Dirutza hori botika-enpresek eta inbertsogileek jartzen dituzte. Nafarroako Unibertsitateko CIMA ikerketa zentroan ikertzen ari diren Wilson gaixotasun arraroaren berri eman zuen.
Azkenik, udazkeneko astroak eta izarrei buruzko hainbat kontu eta bitxikeria kontatu zituen Gomezek. Horretarako, kode irekiko www.stellarium.org bidez taberna barruan Irurtzungo zerua ikusten jarri zituen bertan zeudenak. Nazioarteko espazio estazioa minutu gutxitan gainetik pasatzekoa zela jakinarazi zuen. Baita ipar-izarra nola bilatu ere. Horretaz aparte, berak lan egiten duen Iruñeko Planetarioan Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloan (STEM ingelesezko laburpena) duten eskaintzaren berri eman zuen eta haietakoren batean parte hartzera gonbidatu zituen irurtzundarrak.
Karmele gomez astrologia azalpenak ematen.
Segida
Zientzia jakin-mina ase nahi duenak bi hitzordu ditu aurretik. Zientzia Tabernetan zikloa Lizarragako Bargazpi tabernara iritsiko da gaur. Hiru hizlari izatekoak ziren baina baten arazo pertsonal bategatik ezin izanen du parte hartu eta bi izanen dira Lizarragan hizlariak. Batek landareen hozte sistema izanen du hizpide eta, besteak, botila zabaldu gabe ardoaren faltsutzea nola detektatu azalduko du. Heldu den ostegunean, berriz, Olatzagutiko Clinker tabernan hizkuntzen ikasketen atzean dagoena, ariketa fisikoen onura eta teknologia berriak diagnostikoan duten garrantzia ezagutzeko aukera eskainiko du Zientzia Tabernetan zikloak. Zientzia gaietara hurbiltzeko aukera Sakanan bertan.
Zientzia Tabernetan
Lastailak 18, ostirala, 19:00etan, Lizarragako Bargazpi taberna.
Joseba Aldasoro Galan
Altsasuarra, Nekazari Ingeniaritza Teknikoa ikasia, Agrobiologian doktorea da. 10 urtez Nafarroako Unibertsitate Publikoan Landa Fisiologiaren sailean aritu da, eta gaur egun Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zientzia irakaslea da.
Izenburua: Babarrunak izerditan blai?
Laburpena: Martxoan argitaratutako zientzia artikulu batean aurkeztutako emaitzak modu dibulgatiboan azalduko ditu. Beroa dugunean gorputzaren hozte-sistema lanean jartzen da izerdia osatzen duten tantak sortuz. Eta landareek ba al dute antzeko hozte-sistemarik? Jakina, eta oso garrantzitsua da gainera, eguzkiak gogor jotzen duenean ezin direlako itzalera mugitu. Hozte-sistema honi transpirazioa deritzo eta lurrunketaren bitartez gertatzen den ur galera bezala definitzen da. Baina landareetan sistema hori askoz konplexuagoa da, ura eta elikagaien garraioaren motorra delako. Ura dagoenean dena ondo doa, baina lehorteko baldintzetan transpirazioa jaisten da eta elikagaiak landarearen atal guztietara ez dira behar bezala banatzen. Elikatzeko modu berezia duten lekadunen familiako landareei antitranspirantea duen “landareendako desodorantea” aplikatuz, lehortearen efektuak arintzen direla ikusi dute. Beraz, guk izerdiaren kiratsaren kontrako desodoranteak erabiltzen ditugun moduan, landareetan, lehortean bizirauteko antzeko funtzioa duten antitranspiranteak erabili daitezkeen edo ez aztertuko du Aldasorok.
Nora Unzeta Zaballa
Altsasuarra, Farmazian lizentziatua, Kimika Analitikoan doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateak Gasteizen duen Farmazia fakultatean ari da, Kimika Analitikoa sailean.
Izenburua: Ardoaren faltsutzea detektatzeko teknika berriak
Laburpena: Europar Batasuneko Jabetza Intelektualerako Bulegoaren txostenaren arabera, ardoen eta likoreen faltsutzeak urtero 1,3 bilioi eurotako galerak sortzen ditu Europan, eta ondorio zuzenak ditu sektoreko ekoizle eta langileengan. Iruzur hori batez ere gama altuko ardoetan izaten bada ere, geroz eta ohikoagoak dira ardo arruntagoen faltsutzeei buruzko albisteak. Faltsutze-teknika aurreratuak direla eta, gehienetan, botila bat ardo originala edo faltsua den jakiteko beharrezkoa izaten da ardo-botila zabaldu eta analizatzea, baina horrek ardoaren debaluazioa dakar. Arazo horri irtenbidea emateko, ardo-botilak zabaldu gabe, beraien jatorria ezagutzeko hainbat metodologia analitiko garatzen ari dira Unzetaren ikerketa taldean.