Futbola

Preferentea: Lagun Artea bigarren postura igo da; Etxarrik ezin izan zuen Itaroa Huarte irabazi

Guaixe 2019ko urr. 21a, 12:34
Zelai Berrin jokatutako partidan sufritu zuen Lagun Arteak, baina hiru puntuak lortu zituen.

Preferente maila. 5. jardunaldia: Lagun Artea 1 – Doneztebe 0 / Etxarri Aranatz 1 – Itaroa Huarte B 3

Lagun Arteak Doneztebe taldea hartu zuen larunbatean Zelai Berrin. Partida oso lehiatua izan zen, eta lakuntzarrek ederki sufritu behar izan zuten hiru puntuak etxean geratzeko. Hasieran Lagun Arteak dominatu zuen, baina Doneztebekoak geroz eta erosoago sentitzen hasi ziren eta arriskua sortu zuten. Bigarren zatian, lakuntzarrak hobeto aritu ziren eta Zubiriak Lagun Artea aurreratu zuen bukaera aldera, 82. minutuan. Urduri jarri ziren lakuntzarrak, arbitroak penalti oso zalantzagarria seinaleztatu baitzuen Donezteberen alde, baina jaurtiketa langara joan zen eta hiru puntuak Lakuntzan geratu ziren. 

Etxarri Aranatzen, ordea, puntuek alde egin zuten Uharte-Iruñea aldera. Etxarrik eta Itaroa Huarte B-k jokatutako partidan parez pare ibili ziren bi taldeak eta inork ez zuen lortu jokoan gailentzea. Zelai erdian hobeto aritu ziren etxarriarrak, eta joko luzearekin saiatu zen Uharte Iruñea. Bigarren zatian, Xabat Goikoetxeak Etxarri aurreratu zuen baina gutxi iraun zuen pozak, bost minutura bana berdintzea eta ondoren beste bi gol sartzea lortu zuelako Itaroa Huarte taldeak. 

Preferente mailako liderra Beti Casedano da (11 puntu) eta Lagun Artea bigarren postura igo da, liderrarekin puntutara berdinduta (11 puntu). Etxarri Aranatz 10.a da (6 puntu). Hurrengo jardunaldian sailkapenean 14.a den Aibares taldearen kontra ariko da Lagun Artea Oibarren eta Etxarri Aranatzek Ilunberrin jokatuko du, sailkapenean 15.a den Ilunberriren kontra.