'Etxe honetan' album ilustratua aurkeztu dute

Guaixe 2019ko urr. 23a, 09:51

Aintzane Usandizaga eta Asier Iturralde, eskuinetik bigarrena eta hirugarrena, album ilustratua eskuetan dutela. UTZITAKOA

Album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariaren irabazlea izan zen Etxe honetan. Asier Iturralde, Gaston, eta Aintzane Usandizaga dira egileak. Nafarroako 22 toki entitateek antolatzen dute sariketa, tartean Sakanako Mankomunitatea

23 lan aurkeztu ziren 2019ko Etxepare sarietara eta horietatik Asier Iturralde eta Aintzane Usandizaga egileen Etxe honetan gailendu zen. Ostiralean, urriaren 18an, Pamiela argitaletxeak argituratutako album ilustratua aurkeztu zuten Iruñeko Kondestable jauregian. Haurrei zuzendutako album ilustratuak sortzea da Etxepare sarietako hleburua.

Etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitona baten eta honen egunerokotasuna eta errutina hankaz gora jartzen duen ilobaren arteko harremana da Etxe hontan lanaren gaia. Edonori ezagun egiten zaizkien egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte egileek, umorea erabiliz eta irribarrea lehenengo momentutik sorraraziz.

Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberrria ilustratzaileak eta Idoia Sobrino liburuzainak osatu dute epaimahaia eta azpimarrat dutenez, "egileek ederki uztartu dituzte hitz eta irudia komikiaren trazuak dituen album eder honetan". Gainera, "hitz gutxi baino nahikoen bitartez" topikoetatik ihes egiten duela esan dute. Irudiei dagokionez erabilitako errekurtso narratiboak aipatzen ditu epaimahiak: "etxea bera bertze pertsonaia baten moduan tratatua da".

Egileek Iruñeko Udalak Etxepare saria programaren barne antolatzen duen Bikoteka topaketetan parte hartu zuten Aintzane Usandizaga idazleak eta Asier Iturralde ilustratzaileak.

Etxepare sariak
Haurrei zuzendutako album ilustratuak sortzea da Etxepare sarietako helburua. Album ilustratuak irudia eta testua elkarren osagarri ditzuten lanak dira. Nafarroako 22 toki entitateen euskara zerbitzuek antolatzen dute urtero saria, tartean Sakanako Mankomunitatea, eta sariaren zati bat da Pamiela argitaletxeak album ilustratua argitaratzea.