Sokatira

Nafarroako 8x8 Sokatira Txapelketari Arbizun eman zitzaion hasiera

Guaixe 2019ko urr. 22a, 13:39
Argazkia: Xorroxin.

Arbizuko kiroldegiak lehen jardunaldia hartu zuen, larunbatean, eta Lesakako Beti-Gazteko taldeak izan ziren protagonistak

Larunbatean hasi zen Nafarroako 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketa. Zehazki, gizonezkoen 600 kiloko txapelketako lehen jardunaldia eta emakumezkoen 520 kiloko lehen jardunaldia izan ziren jokatu zirenak. Izenak dioen bezala, zortzi kidez osatutako taldeek hartzen dute parte txapelketan. 

Gizonezkoetan zein emakumezkoetan Lesakako Beti-Gazte taldekoek erakutsi zuten gainontzekoak baina koska bat gehiago daudela. Gizonezkoetan 4 talde lehiatu ziren eta Beti-Gaztek ez zuen huts egin (4 puntu). Txantrea izan zen hurrena (3 puntu), Berriozar hirugarrena (2 puntu) eta Antsoain azkena (puntu 1). 

Emakumezkoetan Beti-Gaztekoek tiraldi guztiak irabazi zituzten (3 puntu). Txantrea izan zen bigarrena (2 puntu) eta Antsoain hirugarrena (puntu 1). 

Larunbatean txapelketa hauetako 2. eta azken jardunaldia jokatuko da Elizondoko pilotalekuan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.