Garmendiarendako UEMAren ikerketa beka

Guaixe 2019ko urr. 27a, 11:07
Joseba Garmendia erdian sari banaketa ekitaldia. Argazkia: www.uema.eus

“Euskararen biziberritzean ikerketa ere behar dugu nahitaez, eta horretara dator beka hau” esan du Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Garbiñe Mendizabalek.

Iñaki Arregi beka deialdiaren aurreneko bi saridunetako bat Joseba Garmendia altsasuarra da. Ekonomialaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, bekaren laguntzaz tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia aztertuko du. Horretarako, 5.000 euroko laguntza izanen du. Lana bederatzi hilabetetan aurkeztu beharko du eta 2020ko udazkenean UEMAk antolatuko dituen jardunaldietan aurkeztuko du. 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean antolatu dute beka deialdia da. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok gogoratu duenez, “udalerri euskaldunak garatzea da euskararen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena. Ondorio horretara heldu ginen joan den urtean hainbat erakunde eta eragile, eta udalerri euskaldunak garatzeko hainbat irizpide eta oinarri proposatu genituen. Aurten, oinarri horiek aintzat hartuta eta agintaldi berrian udalerri euskaldunak garatzeko adibide praktikoak aztertu eta abiarazi nahian, Iñaki Arregiren omenezko beka sortu dugu, UEMAren sorreran eta ibilbidean giltzarria izan zen euskaltzalearen omenez. Beka horrekin sarituko diren lanek, udalerri euskaldunak garatu ahal izateko ekimen zehatzak jarriko dizkigute eskura urtez urte. Horrela, 2018an proposatutako irizpideak eta oinarriak maila teorikotik praktikora ekarriko ditugu, udalerri euskaldunak garatzeko moduak zabalduz”.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Koordinazio zuzendari Josune Zabalak, berriz, udalerri euskaldunek eta arnasguneek euskararen biziberritzean eta normalizazioan duten garrantzia nabarmendu zuen sarien banaketa ekitaldian, astelehenean. Horren jakitun, Zabalak euskararen erabilera sustatu nahian herritarrak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko egiten ari den lana ekarri du gogora: “Hainbat erakunderen artean abiarazi dugun Arnasa Gara kanpaina da horren lekuko. Ildo bereran, eta arnasguneen garrantziari buruzko hausnarketa eta ekimenen baitan, bidean naturalki heldu den beste urrats bat da Iñaki Arregi ikerketa beka, arnasguneak garatzeko proposamen praktikoak bildu nahian”. 

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ere “Iñaki Arregiren omenezko beka arnasguneen garrantziaren inguruan egindako bidea sendotzeko eta aurrera egiteko pauso gisa” ulertu behar dela nabarmendu zuen. “Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan, udalerri euskaldunak berariaz zaintzeko eta babesteko beharra ikusi genuen duela zenbait urte. Elkarlanean egindako bide hark emaitza oparoak eman ditu: erakunde publikoak, unibertsitatea eta euskalgintzako gizarte erakundeak batera aritu gara, lehenik diagnostikoa eta hausnarketa eginez, ondorioak adostuz, eta udalerri euskaldunak babesteko lege izaera hartu duten neurriak ere bildu ditu EAEko Udal Legeak. Orain, beste urrats bat da hau, udalerri euskaldunak babesteaz aparte, nola garatu behar diren ere praktikoki ikusteko. Horrelako ikerketak eta ekarpenak behar dituzte arnasguneek, eta horrelako beka bat merezi zuen Iñaki Arregik ere”.