Zientzia Tabernetan zikloaren azken eskaintza

Lizarragan adin guztietako publikoa bildu zen.

Gaur, 19:00etan, Olatzagutiko Clinker tabernan hizkuntzen ikasketei, ariketa fisikoari eta teknologia berriek medikuntzan dute garrantzia azalduko dute

Guaixe fundazioaren 25. urteurrena dela eta antolatuko zikloa da Zientzia Tabernetan, Irurtzungo eta Lizarragako saioen ondoren Olatzagutian akabera izanen duena gaur. Ekimen horren helburua da zientziari eta teknologiari buruzko jakintza zabaltzea bertako arituen ahotik, beti ere jendearendako modu ulergarri eta errazean. 

Aurreko ostiralean Lizarragako Bargazpi tabernan antolatutako Zientzia Tabernetan saioan 25 bat pertsona izan ziren. Ezin izan zuen Ines Castiella Imazek egon eta, beraz, bi hizlari izan ziren. Joseba Aldasoro Galanek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako oinarrizko ikerketa baten berri eman zuen. Landareak nola elikatzen diren azaldu ondoren, lehorte egoerei ilarrek hobe erantzuteko desodorantea erabiltzea egokia zen aztertu zuten. Horretarako ez zuten edozein dendatan erabiltzen den pertsonendako desodorante komertzial bat erabili, baizik eta biodegragarria den eta dagoeneko beste erabilera batzuk dituen polimero bat. Ikerketak landareak gehiago irauten zutela erakutsi zien, baina oinarrizko ikerketa izatean, ekoizpenean eragina zuen ez zuten ikertzerik izan. Hala ere, Aldasororen aurkezpenak publikoaren galdera sorta eragin zituen. 

Ondoren Nora Unzeta Zaballak ardoaren faltsutzea detektatzeko Euskal Herriko Unibertsitatean egindako lan baten berri eman zuen. Benetako ardoaren ordez, antzeko botilan kalitate eskasagoko bat saltzen da askotan eta horrek enpresariei eta ogasunei kalte ekonomikoak eragin eta lanpostuen galera sortzen duela dio Europako Batasunak. Horregatik, ardo botila zabaldu gabe faltsutzeak detektatzeko bidea zehaztu zuten. Horretarako, botila originalak eta faltsuak eskutan zituztela, ontzi bataren eta bestearen osagaiak aztertu zituzten lehenik. Barruko edukia, berriz, kortxoaren bidez, baina botila zabaldu gabe. Lortutako datuak botila faltsuak atzemateko nahikoa izan ziren. Unzetak ere entzuleen jakin-mineko galderak erantzun behar izan zituen. 


Lastailak 24, osteguna, 19:00etan Olatzagutiko Clinker taberna

Saioa Larraza Arnanz 
Altsasuarra Euskal Filologoa eta Hizkuntzalaritzan Doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitatean dabil lanean. 

Izenburua: Hizkuntzak ikastea: zer dago horren atzean?
Laburpena: Hizkuntzak ikastearen sekretuak azalduko ditu Larrazak hitzaldi labur horren bidez. Bigarren hizkuntza ikasten hasten direnen ezinak eta eginak ere ukituko ditu, eta euskarak dituen berezitasunez arituko da, gureak hizkuntzen itsas zabalean duen lekua ulertzen laguntzeko.


Mikel Lopez Saez de Asteasu
Altsasuarrak Fisioterapia ikasketak eginak ditu eta Doktoretza Osasun Zientzietan. Nafarroako Gobernuaren biomedikuntza ikerketarako Navarrabiomed zentroan ikertzen ari da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakaslea da. 

Izenburua: Ariketa fisikoa, osasunaren oinarri.
Laburpena: Ariketa fisikoa egiteak eragin positiboa du adineko pertsonengan, oso garrantzitsua eta baliagarria baita haien eguneroko jarduera eta ekintzak egoki burutu ahal izateko. Jarduera fisikoaren bitartez beste osasun esparruetan aldaketak eta hobekuntza lortzen dira, esaterako, garapen kognitiboan. Saioan, adinekoei ariketa fisikoa preskribatzeko bere ikerketa taldeak sortu eta prestatu dituen materialak aurkeztuko ditu.

 

Oihane Mayo Ijurra
Etxarriarra Biomedikuntzako Ingeniaria da. Master bikoitza KTH University (Suedian) eta SJTU University (Txina) neurozientzia eta informatikan orientatua. Urte bateko ikerketa lana egin du aipatu azken unibertsitateko Medical Imaging Lab laborategian. Aldakin SL enpresan ari da lanean. 

Izenburua: Irudi medikoak eta teknologia berriek medikuntzan duten garrantzia 
Laburpena: Teknologia erabateko bilakaeran dago, eta medikutzako arloan aurrerapen handiak lortu dira honi esker. Gaur egun, edozein gaixotasun ikertzeko irudi medikoak erabiltzen dira ohiko metodo gisa, horretarako MRI (erresonantzia magnetikoa), CT (ordenagailu bidezko tomografia) edo PET (positroi bidezko tomografia) bezalako makinak baliatuz. Irudi horien prozesamenduak garrantzi handiko informazioa ematen du, ondoren gaixotasunaren diagnostiko zehatz bat eraikitzeko. Horretaz aparte, irudi horiek teknologia aurreratuago batekin lotuta, esaterako, adimen artifizialarekin, hainbat tumoreren sailkapena, tumoreen prognosia edo gaixotasunaren jarraipen pertsonalizatua egin daitezke. Onkologian erabiltzen den teknologia da hori, medikuek begi hutsez ikusi ez dezaketen informazioa modu erraz batean lortzeko bidea baita eta, aldi berean, diagnostiko egoki baterako laguntza handia eskaintzen baitu.