Mendia

Arangoitira, Alzueta eta Urra gogoan

Guaixe 2019ko urr. 24a, 12:24

Sakanako Mendizaleak taldeak igandean mendi ibilaldia antolatu du Arangoitin barna. Azken urtean zendutako Pello Alzueta eta Felix Urra taldekideak izanen dituzte gogoan

Sakanako Mendizaleak taldea 1985 urtean jaio zen, duela 34 urte, Sakanako mendi taldeak batu eta elkarrekin hilean irteera bat egiteko. “Gehienbat mendi zeharkaldiak egiteko sortu genuen, Sakanako mendizaleak elkartu eta guztien artean autobusa antolatu ahal izateko, Euskal Herriko eta Pirinioetako txoko eta inguru gehiago ezagutzeko. Finean, gure lana Sakanako mendi taldeak koordinatzea da, hilabetero irteera bat prestatu eta autobusa antolatu ahal izateko” aipatu digu taldeko kide Pello Ruiz lakuntzarrak. Ruizek gogoratu duenez, lehengo autobusa 1985eko abenduan antolatu zuten. Mendizaleen koordinazio lan horretan, azken urtean zendutako Pello Alzueta eta Felix Urra izan ziren Irurtzungo Iratxo elkarteko arduradunak. 

Pello Alzueta iaz zendu zen, irailaren 23an, eta Felix Urra aurten, ilbeltzaren 3an. Sakanako Mendizaleak taldeak omenaldi xumea egin nahi die taldekide izandako mendigoizaleei. “Iratxoko arduradunak ziren, mendizaleak, lagunak. Eta horregatik igandean beraien alde antolatu dugun omenalditxoa. Pello Alzueta Ilunberrikoa zen jaiotzez, eta, hortaz, igandean bertarantz joko dugu. Zehazki, Leireko monastegitik abiatuko gara oinez, Arangoitiko gailurreraino (1.355 m.) igotzeko. Han, lore sorta jarriko dugu bion omenez eta aurreskua dantzatuko diegu” adierazi digu Ruizek. Ondoren, Liedenako La Torre jatetxean bazkaltzera bilduko dira mendizaleak. “Gure mendi ibilaldi berezi honetan parte hartzeko deialdia egiten dugu, Pelloren eta Felixen omenez” gaineratu du Lakuntzako mendizaleak. 

Autobusa igandean goizeko 7:00etan aterako da Olaztitik eta Sakanako herrietan geldialdia egingo du izena eman duten mendizaleak hartzeko. Ohiko tokietan eman daiteke izena, autobusean tokia egonez gero, herrietako mendi arduradunei aipatuz edo 639 11 76 31 telefonora hots eginez.