Bide bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Saats Karasatorre Martinez 2019ko urr. 25a, 08:13

Azken aldian ohikoa da edozein biolentzia mota berdindu eta arbuiatzeko joera, nire inguruan bederen. Kataluniatik azkenak. "Biolentziarekin ez da deus lortuko eta punto". Edo, "eta Quito" zen?

Manifestarien artean infiltratutako poliziak omen dira ekintza biolentoak burutu dituztenak. Hala denik ez dut ukatuko. Baina guztiz baketsua izan den manifestaldi bat izorratu duen jendeaz hitz egiten da, protesta baketsuetatik haratago zilegitasunik ez balego bezala. Gehiengo baten bake nahia gutxiengo baten minaren gainetik balego bezala. Noiz pasa da borroka bide bakarra izatetik, bide bakarra edukitzera?

Pertsona askok bere egin dezakeen borroka-ildo baketsua zalantzan jarri nahi izan gabe, arriskutsua da herri baten borroka grina eta haserrea bandalismoarekin parekatzea, kriminalizatzea. Bide baketsuak urratu nahi dituenak bezain beste sinesgarritasun dauka minetik, haserretik eta gorrototik errepresioari harrika aurre egitea erabaki duen horrek. Edo gehiago.

Ahaztu ote zaigu zapalduon erantzuna, biolentoa edo ez, erantzuna dela? Autokarabana bat, plumifero berria edo etxe eder bat erostera heldu gintezkeela irudikatze hutsa nahikoa al da zenbait protesten zilegitasuna ahantzi dezagun? Ez dut esanen nik horietako zenbait gauzekin amesten ez dudanik, ez bada denekin. Sistemak horretara bultzatzen gaituela pentsatzea ongi datorkit.

Dena den, biolentziaz hitz egiten dugunean, gogoratu gaitezen arraia eta zenbait fruta erosketa-zerrendatik aspaldi ezabatu zituen familiaz. Etxegabetu duten ezagunaz, hotza pasa arren berogailua jartzerik ez daukan pisukide gazte taldeaz, zaintza lanak egozten dizkiogulako denbora librerik ez daukan amaz... Borrokatzeagatik preso hartu zutenaz, torturatuaz, erailaz... Gure hizkuntza zapalduaz, gure bizilagun langabetuaz, bere buruaz beste egin behar izan duen gazte transexualaz, zinemara joaterik ez daukan bikote jubilatuaz, bere ama jipoitzen zuen gizonarengana bisitan joan behar den haurraz, tratamendurik gabeko hepatitis C gaixoaz, transplantearen zain luze daramanaz, Melillako hesian zauritutako kamerundarraz, soldata minimora iritsita ere hil bukaerara iristen ez denaz, erreferente akademikorik ez daukan ijitoaz... Min emateko modu asko dago, biolentzia mota ugari, baina gehienak ez ditugu denen artean ordaintzen; kaleetan eragiten diren kalteak, ordea, bai.

Jar gintezke min horiek sailkatzen, mailakatzen... edo urruneko kontuak direla pentsatu genezake, beste leku batzuetan gertatzen direnak, beste garai batean bestela. Orain gehienok gure lanak dauzkagu, gure soldata majoak; goserik ez dugu pasatzen, hotzik ere ez. Urte luzetan poliziak ez du kontrol batean inor tirokatu, kartzelak usten doaz pixkanaka... egia da gu askoz hobeto gaudela, baina, eta ondokoa? Ondokoak bila dezala lan bat, no te jode...

Nork bere borroka modua erabaki dezake, agian, bere borroka beharraren arabera. Ondokoarekin eztabaidatu, argudiatu, haserretu, baketu... baina norbaiti nola borrokatu dezakeen agindu nahi dionak, mugak jarri nahi dituenak, zapaltzaileen eta zapalduen artean jartzen denak, zartakoren bat hartuko du ezinbestean. Batek daki zein aldetatik etorriko zaion.