Angel Gardachal Ausejo (kudeatzailea), Joseba Arrebi Pabollet (patronatuko presidentea) eta Patxi Goikoetxea Askorbe (lagunen elkarteko presidentea) Felipe Lezea zenaren irudia ondoan dutela.

Josefina Arregi klinika psiko geriatrikoak 25 urte bete ditu. Erreferentziazko zentroa da psikogeriatria nahasmenduak dituzten adinekoak artatzen, bereziki, kognizio narriadura edo dementzia. Urteurrena Altsasuko Burunda frontoian ospatuko dute, igandean, 11:30ean, musika eta dantza ikuskizuna izanen da. Sarrerak Iortia kultur gunean eta klinikan eskuratu daitezke, eta igandean frontoian 10:30etik aurrera.

Zaila izanen da Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoarekin zuzeneko edo zeharkako harremana ez duen sakandarrik opatzea. 25 urteko ibilbidean osasun baliabide hori erabili dutenak sakandar asko izan baitira. Han ezgaitasuna edo baliaezintasun iraunkorra sortzen dituzten buru nahasmendu organikoak diagnostikatu, tratatu eta errehabilitatzen dituzte. Alzheimer gaitzaren berri berak zabaldu zuen gure artean. Baita dementziei buruzko ezagutza eta sentiberatasuna. Adinekoen nahasmendu psikogeriatrikoak artatzen dituzte klinikan. Baina ez da mugatzen dementzia edo bestelako patologia psikiatrikoak dituzten adinekoen bizi-kalitatea hobetzera, baizik eta izaera asistentzialeko eta sozialeko proiektuak ere sustatzen ditu pertsona horien zaintzaile nagusiendako.

Josefina Arregi klinikak ematen duen izaera sanitarioko zerbitzuaren barnean, diziplina anitzeko abordatzea egiten da dementziak edo bestelako patologia psikiatrikoak dituzten adinekoak artatzeko, izan ere, eritasunaren agerpenaren adinagatik eta horren bilakaera eta pronostikoagatik, maila goreneko arreta behar izaten dute. Zeregin horretan aritzen dira klinikan eta bere baliabideetakoren bat erabiltzen duten gaixoek euren bizi kalitatea hobetzen dute. 

Sorreraz
Josefina Arregi eta Felipe Lezea ezkonduta zeuden. Aurrenari Alzheimer gaitzak jo eta gaixotu egin zen. Pasa den mendeko 80. hamarkada bukaera eta 90. hamarkada hasierako Alzheimer gaixotasuna ez zegoen gaur egun bezain ikertua eta tratamenduak ez ziren egungoak bezain “atseginak” izaten: batzuk lotu egiten zituzten, edo medikazioak “itzaltzen” zituen. Senarrak gaizki pasa zuen. Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko Lagunen Elkarteko (KLE) kide Genaro Paniagua Razkinen azalpenak dira horiek. 

Emaztearen diagnostikoa zuela, Lezea “Vicente Madozek sortutako eta adimen-osasuna lantzen duen Argibide fundazioarekin harremanetan jarri zen, Altsasun klinika bat egin eta gaixotasun horiei nolabait aurre egiteko, artatzeko”.  Hala gogoratu digu Joseba Arregi Pabolletek, Lezearen ilobak eta klinika kudeatzen duen fundazioko patronatuko presidentea. Paniaguak gaineratu duenez, “Lezea enpresari garrantzitsu bat zen, zerbait egitea erabaki eta klinika jarri zuen martxan. Madoz medikuarekin diseinu guztia egin zuten. Lezeak dirua jarri, fundazioa sortu eta klinika egin zuten”. Osasun zentroaren hasiera horrela laburbildu digu Paniaguak. 

Paniaguak gaineratu duenez, “guretako garrantzitsuena klinikaren estatutuak dira. Hor oso-oso argi azaltzen da gaixoa nola tratatu behar da: ez lotu, medikazioa neurtu… Klinikara iristen den jendearen hobekuntza bilatzen da”. Hala, 25 urteko ibilbidean klinikak dementziagatik edo bestelako patologiengatik gaixotutako 7.000 pertsona artatu ditu eta kasuen % 92an helburua lortu da. “Klinikaren arrakasta ikaragarri handia da, erreferentzia bat da estatuan eta Europan” eta horretan zeresan handia dute klinikan lan egiten duten profesional “handiak”. 

Arregi patronatu buruak ere klinikaren arima diren langileen lana, emakumezkoak gehien-gehienak, “azpimarratzekoa da euren lana 25 urtetan zehar. Euren lana babestu eta azpimarratu behar dugu. Eta zaindu etorkizunerako”. Langileen lanaren aitortza egiten dute ere familia erabiltzaileek ere. Izan ere klinikako langileendako “gure unitate eta programetara etortzen diren pertsonen zutabe nagusietako bat familiak dira. Horregatik, prozesu guztian informatzen eta laguntzen saiatzen gara”.  

Sortzailearen kontakizuna
Felipe Lezeak berak duela 25 urte gaztigatu zuen Alzheimer kasuak gero eta ugariagoak zirela gure gizartean, “gaiarekin zeregin handia izanen da” jaso zuen Euskaldunon Egunkariak. Gaixotasuna ezezaguna zenaren seinale, Lezeak hari buruzko azalpenak eman behar izan zituen 1994an. Gaitzarekin bizi izandakoaren lekukotza ere eman zuen: “Hasieran oso latza da, zer den jabetzen zaren arte”. Josefina Arregi Iruñeko eguneko zentro batean uzten zuen egunero. “Ez nuen uste eguneko zentroak horrenbesteko onura ekarriko zigunik. Goizero joaten ginen eta arratsaldean itzuli. Etxera ekartzen nuenean afaldu eta lo egiteko prest zegoen, eta hori asko zen. Nik, neure aldetik, atseden hartzeko tenorea nuen, lantegira joateko. Arrebak asko lagundu zidan baina, hala ere, eguneko zentrora eramateko aukerarik izan ez bagenu, ezinezkoa izango zatekeen”. 

Gizarte Segurantza 1994an ez zuen Alzheimer gaitzarendako espezializatutako zentrorik. Euskaldunon Egunkariari adierazi zionez, “geu, geure aldetik, eskualde honetako gaixoak laguntzen saiatuko gara”. 1990ean hasi zen klinika egiteko ideiarekin. Hasieratik garbi zuen klinikak tratamenduaz aparte ikerketa egin eta gaixoen senideendako hitzaldiak eman behar zituela. Lezeak babes handia opatu zuen Argibidea Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartean eta eguneko zentroan. Lezeak argi zuen klinikako langileen ezaugarriak zein izan behar zuten: “hasieratik ongi funtzionatzea nahi dugu, garrantzitsua da langileak espezializatuta egotea. Bokazioa duen jendea behar da, gaixo hauek ez baitira hala-holakoak; dedikazio eta pazientzia handia izan behar dute”. Hasierako pausoak 20 bat erizain eta zaintzailerekin, sukaldari eta garbitzaileekin ematea aurreikusia zuten. Ate irekien jardunaldia egin zenerako zuzendaria, medikua, gizarte langilea eta psikiatra 1995erako dena prestatzen ari ziren. Lezeari gustatuko litzaioke bere emazteak klinika mustutzea, ezin izan zen, baina eraikinak bere izena hartu zuen, Josefina Arregi. 

Etapa berria 
Arregik azaldu digunez, “25 urte pasa dira, gorabeherekin. Etorkizunera begiratzeko gauza batzuk egin behar ditugula eta hori aztertzen ari gara”. Nafarroako Gobernuarekin osasun zentroak duen hitzarmenaren luzapena dute. Baina hura berrituko duten ez dakite oraindik. “Legealdi berri batean sartuta gaude eta ikusiko dugu zer gertatzen den, aurreneko urtea ez da pasa eta denak kokatzen ari dira. Itxaron behar dugu, eta ea zer gertatzen den”. 


Plan estrategikoa 
Klinikan plan estrategikoa prestatzen ari dira, 2022ra arteko epemuga hartzen duena. Angel Gardachal Ausejo kudeatzaileak azaldu digunez, plana oraindik ez da onartu baina haren bi ardatzak zein diren zehaztu dizkigu. Aurrena, “klinikaren ekonomia eta finantza jasangarritasuna lortzea kudeaketa profesionalizatuagoa eginez. Horrela, orain arte bezala, bilintxi-balantxa, ez ibiltzeko”. Atzena, “langileriaren giro eta egonkortasunean eragitea, haien egoera hobetzeko”. 


Arreta unitateak 
Eguneko zentroa
Sorreratik martxan dago, 25 plaza ditu (20 Osasunbidearekin hitzartuta eta 5 libre) eta eguneko zerbitzua eskaintzen du. Geriatrian, neurologian eta psikiatrian adituak diren mediku bana aritzen da. Okupazio terapia ere egiten dute. Autonomia eta gizarte harremanak areagotzeko kognizio eta errehabilitazio estimulazioa egiten diete gaixoei, euren modura, euren etxetan bizitzen segi daitezen. Hainbat tailer dituzte: errealitatera orientazioa, kognizio-psikoestimulazioa, gerontogimnasia, psikomotrizitatea, funtzio errehabilitazioa, terapia baratza, ludoterapia, komunikazio taldea edota musikarekin jarduerak. 

Kanpo kontsultak
Hasieratik eskaintzen den beste zerbitzua da eta espezializatutako mediku kontsulta batean oinarritzen da. Dementzien, kognizio-narriaduren, psikiatria-, lo edo jarrera-nahasmendu eta abarren ebaluazioa, diagnosia eta tratamendua ezartzen dutenak geriatra, neurologoa eta psikiatra izaten dira. Geriatria orokorreko kontsultak ere egiten dira. Halakoetan bihotz-gutxiegitasuna, erorikoak eta bestelakoak aztertzen dira. Gainera, neuropsikologia, fisioterapia, okupazio terapia eta erizaintza kontsultak ere eskaintzen ditu klinikak. Edozein joan daiteke, Osasunbidetik bideratua izan gabe ere.  

Ospitaleratze unitatea 
13 oherekin hasi zen 1995ean eta gaur egun 21 ditu, guztiak Osasunbidearekin hitzartuta. Bataz besteko egonaldia hilabete ingurukoa da. Klinikako langileen lanarekin ospitalera “galduta” sartzen diren gaixo asko alta jasotzean euren autonomia nabarmen hobetzen dute. 

Osatze funtzionalaren unitatea  
2017an sortu zen eta halako bakarra da Nafarroan. Gaixotasun psikogeriatrikoa izan edo ez, adinekoei euren autonomia berreskuratu eta euren kabuz baliatzeko balio du. Eguneko zentroa bezala, unitate horretan ere tailerrak daude. 

Memoria unitatea 
Gaitzaren garapena atzeratu asmoz, dementzia arina duten pertsonekin lan bizia egiten da.


Programak 
Tratamenduen ikuspegi funtzionala 
Pertsonaren autonomia kaltetu gabe, haren nahasmen egoera kontrolatzeko botika motaren eta haren dosiaren arteko oreka bilatzen dute klinikan. Bere espezifikotasuna da. 

Fisioterapia 
Bere onurak gaixoek autonomia fisiko eta funtzional maila hobeak mantentzen laguntzen du. Horrek pertsonaren eta familiaren bizi kalitatea hobetzea dakar. 

Okupazio terapia 
Jarduera bereziak egiten dituzte gaixoekin haien okupazio arloak hobetzeko. Horrela, pertsonen jarrera eta autoestimua hobetzen dute, beti ere, helburua izanik haien egunerokoan ahalik eta independentzia mailarik altuena izatea. 


Baliabideak
Ospitale unitatea
Psikomotrizitate gela 
Irakurketa eta psikoestimulazio txokoa. 
Kanpo ekintzak. 
Baratza.
Jarduera komunerako gela. 
Musikoterapia txokoa. 
Autozaintzarako jardueren berreskurapenerako gela. 


Datuak 
7.000
Eta gehiago dira klinikatik 25 urteetan pasa diren pertsonak. 

250-300 
Urtero ospitalizazio unitatean izaten diren pertsonak. 

5 
Patronoen kopurua. Lezea-Arregi familiako ordezkaria, Altsasuko alkatea, Sakanako Mankomunitateko presidentea eta bi pertsona gehiagok osatzen dute patronatua. 

3
Mediku taldea osatzen dutena.

52 
Klinikako gainontzeko langileak. 


Sorreraren kronologia laburra 
1993-03-08 Felipe Lezeak notariotzan Arfe-Felipe Lezea fundazio geriatrikoa sortu zuen. 
1994-10-16 Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa musteko ate irekien jardunaldia egin zen ferien asteburuan. 250 milioi pezetako inbertsioa (1,5 milioi euro) egin zuen Felipe Lezeak. Patxi Alcalde arkitekto nafarrarena da eraikina. 
1995-02-15 Adinduei buruzko hitzaldi zikloa antolatu zuten Josefina Arregi klinikak, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Argibide fundazioak. Jubilatuen elkartean izan ziren hitzaldiak. 
1995-06-07 Josefina Arregi klinika ofizialki mustu zuten; udazkenetik lanean zegoen eta ordurako 50 bat gaixo pasa ziren handik. 
1995-06-29 Josefina Arregi klinikak Nafarroako Gobernuaren 70 milioi pezetako (420.708,47 euro) dirulaguntza jaso zuen. Patronatuen aurretiazko kalkuluen arabera urteroko aurrekontua 100 milioi eurokoa litzateke.