Zizak eta sendabelarrak udaletxera

Guaixe 2019ko urr. 25a, 12:01
Aurreko erakusketa bat Irañetako udaletxean.

Mikologia eta botanika erakusketa hartuko du igandean 11:00etatik 14:00etara. Hura prestatzeko bilketarako hitzordua larunbatean 09:00etan elkartean jarri dute eta jasotakoak sailkatzeko, 17:00etan, udaletxean.

Mikologia eta botanika zale irintarrak eta uhartearrak bat egin eta urtero mikologia eta landare erakusketa antolatzen dute. Ziza eta landare erakusketa herritik herrira txandakatzen da urtero. Aurten Irañetaren txanda da. Guztia behar bezala prestatzeko larunbat goizean, 09:00etan, Txapel Azpi elkartean jarri dute hitzordua eta handik abiatuko dira erakusketarako zizak eta belarrak biltzera. Jasotakoen sailkapena udaletxean eginen dute 17:00etatik aurrera. Irañetako euskara kultur talde antolatzaileak irintarrak parte hartzera gonbidatu ditu. Sakanako mikologia erakusketen zikloa ixten duen erakusketa da Irañetakoa. Joan den igandean Altsasuko Garbitoki eraikinen 240 aleko bilduma ikusteko aukera izan zen eta duela bi aste Etxarri Aranazko Euskalerriari frontoian, berriz, 140, haietako batzuk Opakuan edo Iratin jasoak. 

Hala ere, Etxarri Aranazko erakusketaren antolaketan aritutako Ventura Mundiñanok eta Patxi Irastorzak, klimak eurei kalte egin arren, kopuruari baino aniztasunari ematen diote garrantzia. Mundiñanok esaten duenez, “kopuruak ez du garrantzirik. Jartzen ditugu ahal den politenak eta hoberenak. Familia politak, ziza ona. Zer egiten duzu ziza bakar bat erakutsiz?” Esan dutenez, 160 zizez osatutako erakusketa antolatzeko batere arazorik ez dute. Irastorzak aitortu duenez, “hemen horretarako ekosistema oso polita dugu, ziza asko ateratzen da”. Barakaldoko erakusketara 900 ziza ere eramanak dira Hartzabalekoak garai batean. Joan den urtean ez zegoen ezer ez. Aurten pixka bat gehiago izan dute.   

Etxarri Aranazko erakusketak 40 bat urteko ibilbidea du. Mundiñanok gogorarazi duenez, Bixente Garziandia, Bartze, hasi zen eta hari laguntzera joaten zirenek osatu zen Hartzabal elkartean mikologia eta landare taldea. Erakusketa bera Garziandia eta Jose Luis Eseberri mediko izandakoari  egindakoa da. Mundiñanok azaldu duenez, “aurrena basoan ibiltzen zen, praktika. Eseberri, berriz, mikroskopio eta gauzekin hasi zen. Lanbide horretan biak oso ongi eramaten ziren”. Irastorzak azaldu duenez, 2001z geroztik dago Etxarri Aranazko formatu berria indarrean: erakusketarekin batera herriko tabernetan zizez egindako pintxoak eskaintzen dituzte. Elkarteak ematen dizkiete zizak. 

Etxarri Aranazko aurtengo erakusketa.

Jakin-mina 
Irastorzak esan duenez, Etxarri Aranazko erakusketa antolatzen gero eta jende gutxiago dago. “Zizen lanbidean jendeak jakin nahi duena da ikasi non jaiotzen diren onttoak, udaberriko zizak, marzuelo eta abar. Eta, gero, tamalez, utzi egiten du. Hori jende askorekin. Antolatzen badaude gazte batzuk, baina gehiena urte mordoa dugun jendea gara”. 

Haien mikologia ezagutza “urteen pasioz” jaso dute Irastorzaren arabera. Gaineratu duenez, “Bartzerekin hasi ginenak esaten zigun ziza hau halako da, begiratu… Liburutan gero eta gutxiago ibiltzen dira. Denbora eta dirua behar da. Batzuk ikasten dituzu eta besteak… Gu basoko lana egiten dugu eta beste batzuk sailkatzera etortzen dira”. Klima aldaketa ere nabari dute Hartzabalekoek. Euri eta elur gutxiago egiten duela, basoan “bitxo” gehiago dago eta basoak “oso zikinak” daude. Epeleko pinu gehienak bota dutenez toki on bat “galdu” dela aipatu du Irastorzak. 

Bitxikeria 
Lactarius lilacinus ziza berezia da eta haren lau argazki egin dira estatuan eta haietako bat Etxarri Aranatzen, 1992an.