Pentsio duinen aldeko hitzordu berria

Guaixe 2019ko urr. 27a, 12:53
Pentsio duinen aldeko aldarrikapena kalean da astelehenero.

Jendarte Mobilizazio Eguna deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan, beste hainbat erakunderekin, azaroaren 16rako . Astelehenero moduan, Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioa izanen da, 12:00etan.

Pentsio duinen aldeko borrokak ez du etenik. Altsasuko udaletxe parean astelehen eguerdiro kontzentrazioak egiten ari dira. Eta azkenekoa baliatu zuten udazkenerako duten mobilizazio egutegia jakinarazteko. Aurreneko hitzordua azaroaren 16an izanen da. Pentsio duinen aldeko aldarrikapena Hego Euskal Herriko hiriburuetara aterako dute sindikatuekin, emakumezkoen taldeekin, gazteekin eta beste eragile batzuekin batera. Horregatik, 16koari Jendarte Mobilizazio Eguna deitu diote. Abenduaren 12an, berriz, Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarren parean kontzentratuko dira. Gainera, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna sinatu dutenekin batera 2020ko lehen hamabostaldirako greba egun bat deitu dute.

Bitartean, jarduneko Espainiako presidente Pedro Sanchezi zuzendu zaizkio: “nahikoa da promesekin ibiltzeaz, are gehiago hauteskundeen aurretik. Eskatzen diogu lehenbailehen onartu edo dekretatu ditzala Kontsumo Prezioen Indizearen igoeraren pareko pentsioen eguneratzea eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea ilbeltzaren 1etik aurrera”. Hori gertatu bitartean, Nafarroako Gobernuari eskatu diote oinarrizko errenta osatu dezala 1.080 euroak arte. 

Joan den asteleheneko kontzentrazioan izan zirenen artean Nafarroako Ahal Duguko kongresuko diputatu Jone Belarra zegoen. Akaberan pentsio duinen alde kontzentratzen eta borrokatzen dutenei eskerrak eman zizkien. Pentsioen kontura Unidas-Podemosengandik gezurrak esan zirela ziurtatu zuen Belarrak eta Toledoko paktuko bilerak publikoak izan daitezela eskatu zuen, zeinek zer esaten duen jakin dadin. PSOEk, PPk eta Ciudadanoesek pentsioak murrizteko eta pentsio plan pribatuak sustatzeko adostasuna dutela gaineratu zuen.