Atletismoa

Antonio Etxeberria eta Aitana Gil azkarrenak Sakanako Herri Lasterketan

Guaixe 2019ko urr. 31a, 15:27

Eguraldi paregabearekin igande eguerdian jokatu zen Sakanako Mankomunitateak hainbat entitate eta babeslerekin antolatutako lasterketa. Javi Moreno altsasuarra hirugarrena izan zen eta Izaskun Beunza olaztiarra bigarrena. Errefuxiatuen aldeko martxan 22 oinezko aritu ziren

Sakandarrak XIX. Sakanako Herri Lasterketa-La Burundesa Sari Nagusian
Gizonak
1.Antonio Etxeberria (Iruña) 22:07
3.Jabi Moreno (Alts) 23:42
4.Raul Audikana (Olaz) 23:50
6.Sergio Garcia Eulate (Alts) 23:55
7.Iraitz Senar (Lak) 23:59
8.Felix Benjumea (Alts) 24:20
9.Mikel Astiz (Ihab) 24:25
10.Iban Sobredo (Alts) 24:29
13.Asier Estarriaga (Etx) 25:34
14.Javier Borrega (Alts) 26:00
15.Antton Zelaia (Urd) 26:01
16.Joxeja Maiza (Etx) 26:24
17.Juan Luis Maiza (Etx) 26:25
18.Gaizka Diaz de Garaio (Bak) 26:40
22.Patxi Rubio (Uharte) 27:09
23.Asier Leiza (Arb) 28:59
24.Esteban San Roman (Arb) 29:00
25.Luis Flores (Lak) 29:15
28.Juan Pedro Ariz (Bak) 29:50
29.Santi Agirre (Iturm) 29:51
32.Haritz Goikoetxea (Alts) 31:24
33.Aimar Araña (Etx) 31:26
36.Iñigo Orella (Etx) 33:36

Emakumeak
19.Aitana Gil (Cabanillas) 26:42
20.Izaskun Beunza (Olaz) 26:52
27.Erkuden San Martin (Etx) 29:46
30.Leire Estarriaga (Etx) 30:05
31.Jessica Camello (Alts) 30:48
34.Amaiur Arratibel (Etx) 31:27
38.Eider Jaka (Etx) 38:59


Eguraldi bikaina ari zuela jokatu zen Sakanako Mankomunitateak hainbat entitate eta babeslerekin antolatutako XIX. Sakanako Herri Lasterketa-La Burundesa Sari Nagusia, Etxarri Aranatzen. Bezperan jokatzekoa zen, baina Altsasuko auzipetuen aldeko manifestazioarengatik igandera atzeratu zen. Goizeko 10:00etatik aurrera hasi zen mugimendua: korrikalariek lasterketan izena eman eta dortsalak jasotzen zituzten bitartean, Maksim Magoaren ikuskizuna hasi zen plazan. 

Lehenik eta behin kategoria txikikoen probak jokatu ziren; 60 neska-mutikok eman zuten izena. Eta gero, 12:00etan, proba nagusia hasi zen: Etxarri Aranazko kaleetan prestatutako zirkuituari 3 itzuli egin behar izan zizkioten korrikalariek, guztira 6,9 km egiteko. Irteera hartu zuten 47 korrikalarien artean Beste Iruña taldeko Antonio Etxeberria korrikalari beteranoa gailendu zen (22:07). Etxeberriak adierazi zuenez, “soilik lohia falta izan zaio ibilbideari kross hutsa izateko. Igoerak, bihurguneak, erritmo aldaketak… denetarik zegoen. Oso lasterketa polita da”. Garaipena bere taldekide izandako eta aurten zendutako Joxe Mari Mercerori eskaini zion. Bigarrena Pedro Ruiz iruindarra izan zen, 20 segundora, eta hirugarrena Javi Moreno altsasuarra (23:42). 

Emakumezkoetan, Sakanako Herri Lasterketan hirugarrenez gailendu zen Aitana Gil. Gil Cabanillaskoa da, Ribera Atletico taldekoa, baina Arbizun bizi da. Eta hirugarrenez ere, lehia oso estua izan zuen Gilek Izaskun Beunza olaztiarrarekin. “Lehen itzulian ihes egitea lortu dut, baina bigarrenean harrapatu naute eta hirugarrenean azken kilometrora arte Izaskun Beunzak gertutik jarraitu nau. Estutu behar izan dut” aitortu zuen Gilek (26:42). Izaskun Beunza olaztiarra 10 segundora sartu zen (26:52) eta Ana Ollo iruindarra hirugarrena izan zen (27:03). 

Kadeteek ibilbideari bi itzuli eman zizkioten. Mutiletan Manex Zufiaurre etxarriarra (18:45) gailendu zitzaion Ekhi Barandiaran bakaikuarrari (21:36), eta emakumezkoetan Leire Ezkerra izan zen lehena (21:43). Jubenilek proba nagusiko distantzia osatu zuten eta Haritz Goikoetxea altsasuarra (31:24) eta Amaiur Arratibel etxarriarra (31:27) izan ziren azkarrenak. 

Errefuxiatuen Martxan 22 pertsona
Proba nagusia hasi baina 15 minutu lehenago “Ongi etorri errefuxiatuak” lelopean oinezko martxa abiatu zen. 22 pertsonek ekin zioten oinezko martxari, eta lasterketak zuen ibilbideari itzuli bat eman zioten, oinez. Izan ere, Sakanak Herri Lasterketa kirol proba bat baino gehiago da; alde soziala eta kulturala du, hortik “Ongi etorri errefuxiatuak” leloa. Horrela, goiz guztian barna, lasterketak gauzatzen ziren bitartean, HELPNA eta Sakana Harrera Harana elkarteek Greziako errefuxiatu eremuei buruzko informazioa zabaldu zuten, argazki erakusketa egon zen, Zurrumurruen kontrako espazioa zegoen eta txikienendako jokoak eta henna tailerra antolatu zituzten. Lasterketa bukaerako auzatea ere berezia izan zen. Ohiko jakiez gain, marokiar emakume talde batek prestatutako tea eta berdurekin prestatutako haragi gisatua dastatu ahal izan zituzten korrikalariek. Sari ematean bertako produktuen loteak jaso zituzten irabazleek, eta babesleek utzitako zenbait sari zozketatu zituen antolakuntzak. 

Erlazionatuak