Pilota

Ezkurdiak pilota biziagoak eta indartsuagoak nahi zituen

Guaixe 2019ko urr. 31a, 12:45

Egungo txapeldunak eta Erik Jakak larunbateko finalerdietarako pilotak aukeratu zituzten eta arbizuarrak adierazi zuen aurkeztutakoak ez zitzaizkiola batere gustatu. Finalerdietarako gogotsu dagoela gaineratu zuen Ezkurdiak eta Jakaren kontrako partida “oso zaila” izango dela

Lau T’erdiko Txapelketako finalerdiak jokatuko dira asteburuan. Joseba Ezkurdiak Erik Jaka izango du aurkari larunbatean Labriten jokatuko den partidan (17:45, ETB1), eta beste finalerdia Altuna III.ak eta Lasok jokatuko dute igandean Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Ikusmina handia da eta azaroaren 17ko final handirako nor sailkatuko den, apustuak pil-pilean daude. 

Joseba Ezkurdiaren eta Erik Jakaren arteko norgehiagokak klasiko handian bilakatzen ari dira. Aurreko urtean ere Lau T’erdian elkarren kontra aritu ziren, eta Buruz Burukoan baita. Ezkurdiak irabazi zituen partida horiek, baina ederki izerditu eta gero. Izan ere, Erik Jakak behetik gora egin du nabarmen eta bolada onean dago. Presio handiko partidak hobeto jokatzen ditu orain, eta defentsan izugarri hobetu du. Erasoan punta-puntako pilotaria da, eta gauzak oso zail jarriko dizkio Ezkurdiari. Nolanahi ere, egungo txapelduna, Joseba Ezkurdia, da faboritoa, Labriteko zale gehienak alde izango ditu arbizuarrak eta partida oso gogorra espero da.

Jakak Ezkurdiaren kexua ulertu zuen
Asteazkenean pilota aukeraketa egin zuten Labriten eta Ezkurdiari aurkeztutako pilotak ez zitzaizkion batere gustatu. Arbizuarrak azaldu zuenez, “pilota biziagoak eta indartsuagoak, txispa gehiago dutenak nahi nituen. Mugitzeko zailak diren horiek, azkarragoak; graziarik gabeko materiala da” adierazi zuen bukaeran. Jaka konforme geratu zen materialarekin eta bereziki Ezkurdiak aukeratu zituen bi pilotak gustatu zitzaizkiola aitortu zuen, baina Ezkurdiaren kexua ulertu zuen Lizartzakoak. “Probatu ditudanean pentsatu dut bere jokatzeko modua eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez zitzaizkiola gustatuko. Pilota indartsuagoak gustuko ditu, abiadura handiagokoak” azaldu zuen Jakak. 

Ezkurdiarendako profesionalki pausu erraldoia eman du Jakak
Txapeldunak onartu zuen Erik Jakaren kontrako partida “oso zaila” espero duela. “Profesionalki pausu erraldoia eman du Erikek eta irabazi nahi badiot gauzak oso ongi egin beharko ditut. Urteak daramatza maila bikaina ematen eta eguna alde duenean asko arriskatzen du; bera eustea zaila izaten da. Sanferminetako Lau T’erdian elkarren kontra aritu ginen eta bera irabaztea kosta egin zitzaidan. Dena den, partida horrek ez du zerikusirik larunbatekoarekin” aipatu zuen arbizuarrak. Ezkurdiak gaineratu zuen ongi sentitzen dela, “ilusio handiarekin eta oso gogotsu”. “Ez dut nire burua estutzen; ez dut planteatzen ere finalera iristen ez banaiz huts egin dudala. Une honetan 4 pilotari gaude txapelketan eta gutako edozeinek irabazi dezake txapela” nabarmendu zuen. 

Jakarendako Ezkurdia pilotari osoa da eta hura sufriarazten saiatuko da
Erik Jakak aitortu zuen larunbatean bere bizitza profesionaleko “partidarik garrantzisuena” jokatuko duela. “Orain arte jokatu ditudan txapelketetan final-laurdenetan erori naiz. Urte ona izaten ari da hau, aurrekoarekin batera, eta egindako esfortzuaren oparia jasotzen ari naiz” aipatu zuen. Halaber, Ezkurdia jo zuen faborito. “Joseba pilotari osoa da. Sekulako lana eginda eta bere esfortzuarekin iritsi da gorenera, eta iaz lortutako bi txapelek konfiantza eman diote. Pilotari izugarrizko abiadura ematen dio eta partidei erritmo bizia ematen die. Dena den, Lasoren kontra sufritu egin zuen, eta hori izango da larunbateko nire lana, txapelduna sufriaraztea” nabarmendu zuen. Faboritoaren presioa Josebak duela gaineratu zuen. “Josebarengan eroriko da presioa eta nik ongi pasatzeko partida bat bezalakoa hartu behar dut larunbatekoa” adierazi zuen. 

Finalerako sarrerak ostiralean jarriko dira salgai
Esku Pilota Enpresen Ligak (EPEL) jakinarazi duenez, azaroaren 17an Nafarroa Arenan jokatuko den Lau T’erdiko finaleko sarrerak ostiral honetan jarriko dira salgai, entradasfronton.com web gunean, goizeko 10:00etatik aurrera. Kantxako sarrerak 120 eurotan salduko dira, goiko kantxakoak 100 eurotan, beheko errebotekoak 80 eurotan eta goiko errebotekoak 50 eurotan.