Mendia

“Mendian orientatzeko baliabideak erabiltzen irakatsi nahi dugu”

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 1a, 12:26
Andres Bengoetxeak eta Joxemiel Larreak ikastoran izena ematera animatu dituzte sakandarrak.

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak mendian orientatzeko dauden baliabideak erakusteko doaneko ikastaroa eskainiko du azaroan barna, ikastaro teoriko eta praktikoa. Andres Bengoetxeak eta Joxemiel Larreak eman dizkigute azalpenak

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak atzo egin zuen ikastaroaren aurkezpena, bere egoitzan. Mendian orientatzeko baliabideak erabiltzen irakasteaz gain, betiko mendigoizaletasunaren esentzia berreskuratu nahi dute. 

Ingurunean edo mendietan orientatzeko dauden tresna eta baliabideen inguruko ikastaroa antolatu duzue Altsasuko Mendigoizaleek. Zergatik?

Beharra ikusi zen. Batetik, badago tresna hauek erabiltzen ez dakien jendea. Eta, bestetik, jende asko mendira doa GPS-arekin, autoan nabigatzailea jartzen duen bezala. Hau da, robotak balira bezala: "joan 100 metro aurrera, gero eskuinerantz jo, handik 10 metrora bidexka hartu…". Hori ez da guk mendira joateaz ulertzen duguna. Mendira bizi guztian joan den bezala joan behar da, aparailu baten aginduak jarraitu gabe. Iparrorratza, mapak eta GPSa edo telefono mugikorra motxilan eraman behar dira, eta soilik behar denean, zalantza dagoenean, haiek kontsultatu. Tresna hauek ez dira uneoro eskutan eman behar, gaur egun sarritan gertatzen den bezala. GPS-etako tracketan ibilbideak jasotzen dira, eta tracka jarraitzen bazoaz, arrastoa jarraitzen zaude. Eta hori ez da mendian ibiltzeko mendigoizaleek dugun filosofia. 

Eta zein da, berez, mendigoizaleen filosofia?
Antzinetik dator gure filosofia: mendira libreki ibiltzera goaz, gozatzera. Nahas gaitezke, desorientatu, eta kasu horietan aterako dugu GPS-a. Osagarri bezala. Aparailuak non nagoen adieraziko dit, bide onean nabilen. Eta gero gordeko dut eta aurrera egingo dut. Lasai ibili, argazkiak atera… hori da gure filosofia, ikastaro honetan aldarrikatu nahi duguna: mendira beti joan den moduan joatea. Egun, jende askok Wikiloc-eko track-ak edo ibilbideak jarraitzen ahalik eta azkarren igo nahi du mendira, ibilbidean gozatu gabe. Senderismoa eta trekkinga alde batera utzita. Senderismoa mantsoago joatea da, ibilbideaz gozatzea, eta mendizaletasunaren osagarria den argazkilaritzaz gozatzea. Mendia ulertzeko beste modu bat dute batzuk, ez da betiko mendigoizalearen perfila. Pentsa aste honetan zeresana eman duen Nirmal Purja nepaldarrarena. 190 egunetan 14 zortzimilakoak igo ditu, baina kanpamentu nagusietara helikopteroz eraman dute… hau al da benetako mendizalea izatea? Kritika eta polemika asko dago. 

Beraz, mendira joateko ohituretan aldaketa egon da.
J.L. Mendigoizale beteranoek filosofia berberari eusten diogu, baina badago jende asko mendiko GPS-arekin edo telefono mugikorreko GPS-arekin edozein mendira igotzeko kapaza ikusten duela bere burua, oinarrizko ezagupenik gabe. Eta gero, jakina, denetatik ikusten da. Ia ezagutzarik gabe eta gaizki ekipatuta mendira ateratzen den jendea, mendian galdu eta larrialdietara hots egin behar izan duena. Suhiltzaile izan naizen aldetik sarritan tokatu izan zait irteera hauek egitea. Horregatik, orientazioko tresnen erabilera irakatsi nahi dugu, baina baliabide hauek zentzuz erabiltzeko, osagarri moduan. Bizitza guztia daramagu mendian, baina mendigoizaleen filosofiarekin. Tresna hauek ongi daude, baina kontsulta bezala, zalantzaren bat dagoenean erabiltzeko. Ez track edo ibilbide bat, robot batzuk bagina bezala jarraitzeko. 

Finean, ez duzue teknologiaren morroi izan nahi?
Hori da. Mendizaletasunaren oinarrizko kontzeptuetatik abiatu nahi dugu, ez dugu elektronikaren mende egon nahi. Ezin da mendira joan GPS-aren laguntza bakarrarekin. Une batean, GPS-ak pilarik edo bateriarik gabe geratu daitezke, edo beste edozein arazo gertatu. Mendira joateko oinarrizko minimo batzuk jakin behar dira, ezin gara 3G, 4G edo 5G teknologiaren menpe egon, une batzuetan funtzionatu gabe gera daitezkeelako. Eta orientazioan minimo horiek iparrorratza eta mapak behar bezala erabiltzen jakitea da, batetik, eta mendiko betiko gomendioak jarraitzea, bestetik, gure arbasoetatik jasoetakoak. 
Teknologia horien ezagutza irakatsiko duzue, baina beti lagungarri bezala, dependentziarik sortu gabe.
Hori da. Zerotik hasiko gara ikastaroan, oinarrizko erremintekin. Iparrorratza eta maparekin ibiltzen irakatsiko diegu izena ematen dutenei, duela 40 urte Pirinioetara joaten ginenean egiten genuen bezala, mendizaletasunaren esentzia. Eta, ondoren, puntako teknologiaraino helduko gara: GPS-a erabiltzen irakatsiko diegu, track edo ibilbide batekin, Waypoint edo interes puntuekin, Wikiloc, Mapsource, Oruxmaps, Google Earth… 

Noiz hasiko da ikastaroa? 
Asteartean, azaroaren 5ean hasiko gara, 20:00etan, Iparrorratzaren eta maparen erabilpenaren ikastaroa emango dugu Altsasuko Mendigoizaleak taldearen egoitzan. Hurrengo ostiralean, azaroaren 8an, GPS-a, Waypontak, Trackak eta ibilbideak nola erabiltzen diren aztertuko dugu, 20:00etatik aurrera, gure egoitzan. Azaroaren 12an, 20:00etan, Google Earth, Mapasource, Oruxmaps eta Wikiloc web gune edo aplikazioez ariko gara, eta azaroaren 15ean lehendabiziko praktikak egingo ditugu gure egoitzan, 20:00etan. Azaroaren 16an eta azaroaren 23an mendira joango gara, praktikak egitera, izena eman dutenen artean ordua zehaztu eta gero. Hasierako praktikak San Pedro zelai inguruetan egingo ditugu ziurrenik, toki oso egokia delako, eta luzeagoak diren praktikak egitera Urbasara joko dugu. Bukatzeko, azaroaren 30ean inongo tresna edo baliabiderik gabe mendian nola ibili ikusiko dugu Aquilas artzainarekin; mendizaletasunaren betiko esentziara joko dugu, hutsera. 

Ikastaro osoa da. Norendako antolatuta dago eta non eman daiteke izena?
Interesatu guztiek eman ahal dute izena: mendian hasi nahi dutenek; orientaziorako dauden tresnak eta aplikazioak ikasi nahi dituztenek; betiko mendigoizaleek… guztiendako daude zabalik gure ateak. Ikastaroa dohainik da, eta ondoko telefonoetan eman behar da izena: 699 452 188 edo 640 143 497. Ikastaroan parte hartzen dutenek gutxieneko materiala eraman beharko dute: GPS edo Android sistema duen mugikor bat eta iparrorratza. 

Orientatzeko dauden tresnen mundua zabala da. GPS-a, mapak, trackak, waypointak...
Bai, oso zabala. Iparrorratzak orientazioa markatzen dizu eta GPS-ak duzun posizioa. Ez dira tresna berdinak, baina bai osagarriak. Urbasan, Aralarren eta Andian iparrorratzarekin ez duzu galtzerik. Bailarara aterako zara, aurrerago edo atzerago, baina aterako zara. GPSak posizio zehatza ematen dizu. Nahiz eta telefono mugikorrak GPS-a izan, mendian ibiltzeko komenigarria da mendiko GPS aparailua eramatea, mugikorra koberturarik gabe geratu daitekeelako eta GPS-ak satelite moduko konexioa duelako. 

Wikiloc programan milaka mendi ibilbide daude gordeta. 
Programan erregistratzen den edonork bere ibilbidea egin eta bertara igo ahal du, besteok kontsultatzeko. Eta gainontzekoenak jaitsi, jakina. Baina ibilbide bat zuzenean mugikorrera edo GPS-ra jaitsi baino lehen, komenigarria da ongi aztertzea, denetariko ibilbideak baitaude, batzuk ez oso egokiak. Behin GPSra deskargatuta, aparailuak ibilbidea markatuko dizu. Baina ez da autoetan erabiltzen den nabigatzaile bat bezalakoa; nabigatzaileak, bidez okertzen bazara, ibilbidea zuzendu eta kalkulatzen dizu berriro. Trackean ibilbidea bakarra da, zu ibilbidetik ateratzen bazara, bueltatu behar zara. Bestalde, Google Earthen ibilbideen profilak ikusi ahal dira eta informazio ugari. Mundu bat da. 

Zer dira Waypointak?
Waypointak une horretan zauden kokapen edo puntuaren berri ematen dizu, kokapen zehatza, koordenadekin (latitudea eta longitudea). Zure gailuan, GPS-an edo ibilbideko track-ean, gorde dezakezu. Esaterako, ibilbidean iturri polita ikusi duzula, orduan toki horren Waypointa egin dezakegu, puntu konkretua zehaztu, eta argazkia sar dezakegu, toki horren azalpenak, xehetasunak eta beste. 

Ez da berdin auto bat zure kabuz gidatzea edo nabigatzaile baten aginduak jarraituz gidatzea. Mendian antzekoa gertatuko da, ez?
Hori da. Nahiko genuke GPS-a eta teknologia berriak kontsulta-erremintak izatea, gida elementuak baino. Finean, mendiaz gozatzeko sarritan mendian galdu egin behar gara. "Aralarrera igo nahi dut. Nondik igoko naiz? Lakuntzatik? Beheko zubitik sartuko gara, iturri eder horretara iritsiko gara, gero Guardetxera igo, akaso handik Pagomarira…". Galdu bagara GPS-a aterako dugu. Baliabideak zailtasunetik ateratzeko erabiliko ditugu. Eta paraje zoragarriak ikusiko ditugu, toponimia erabili, argazkia atera… mendiaz gozatuko dugu, hori da mendizaletasunaren benetako esentzia. 

Ikastaroko azken saioan tresna eta baliabiderik gabe mendian orientatzeko baliabide praktikoak irakatsiko dituzue.
A.B. Bai, Urdiaingo Aquilas artzainarekin Urbasan ibiliko gara. Klase praktikoa emango digu. Berak ez ditu gailuak erabiltzen. Orientatzeko, hatza busti, goraka jarri eta esaten du: “hemen jotzen du aireak, hau iparra da” eta horrela orientatzen da. Harrien inklinazioarekin hegoa antzematen du, zuhaitzen goroldioa jarraitzen du… Orientatzeko antzinako betiko teknikak dauzka. Behin esan zigun sima bat ezagutzen zuela eta inork gehiagok ez zuela toki horren berri. Nonbait Gerra Karlistetan karlistak bertan estaltzen ziren. Hara eraman gintuen, posizioa hartu, eta egia da, sima hori ez dago katalogatuta, ez dago inon jasoa. 

J.L. Behera jaitsi nintzen, sokekin. Zulo bertikala da, ederra, nahiko zabala. Hezur pilo bat daude, animalienak, izan ere zulo horretatik asko eroriko ziren. Egun batean Aquilas jaitsi behar dugu bertara…

Ikastaroan izena ematera animatuko ditugu Guaixeko irakurleak?
Bai, jakina, animatu daitezela, orientatzeko teknikak eta tresnak ikasiko ditugu, betikoak, tradizionalak, eta puntako teknologiakoak. Mendian ongi orientatzeko baliabideak jakitea ez dago batere gaizki.