Urtero ospatzen dira Ikas Komunitate diren ikastetxeei buruzko nazioarteko jardunaldiak eta aurten Iruñeak hartuko ditu. Hilaren 16koa zortzigarren edizioa izanen da. Ikas Komunitate ikastetxeen emaitzak, “hezkuntzan eta gizartean eraldaketa ematen dela” ikusteko aukera emanen dute jardunaldiak. “Aldatu diren errealitateak ikusten dituzu jardunaldian. Hainbat esperientzia partekatzen dira. Eta, benetan, adierazten dizutenak posible dela. Izan ere, Ikas Komunitatea hori da: partekatzea eta guztion artean hobetzea”.
Emma Martinezen, Olatzagutiko herri eskolako zuzendariaren azalpenak dira horiek. Bera, Eider Aldaiarekin (Iturmendikoa) eta Arantxa Erasunekin (Urdiaingo) jardunaldien antolaketan aritu da. Nafarroan bederatzi ikastetxe dira Ikas Komunitate eta haien herena sakandarra da. Bederatzien artean antolatu dituzte jardunaldiak. “Talde motor bat dago, baina handik lanak bideratzen dira, elkarbanatuz. Egia esan, gogotsu eta ilusioarekin egiten den lan bat da” esan digute hirurek.
Martinezek esan duenez, Ikas Komunitate proiektuak “ilusioa eta elkarlana kutsatzen ditu”. Izan ere, Olatzagutian bidea egiten lau urte daramatzate eta hiruna gainontzeko bi ikastetxeek. “Ilusio horretan Olatzagutiak kutsatu gintuen” esan dute Aldaiak eta Eransunek. Argitu digutenez, “Ikas Komunitateak Katalunian erreferentziazko ikastetxeak bihurtu dira. Eskola maila oneko ikastetxeen gaineko emaitzak izan dituzte. Hori lehen eskutik ezagutzea oso interesgarria da”. Bestetik, “eskolako familiek ere ikus dezaten ez garela honetan sartu garen hiru ero, beste ikastetxe batzuk horretan daudela eta emaitzak badirela”.
Ikasketa Komunitatea
Ikastetxe bat Ikas Komunitate bihurtzeko Nafarroako Gobernuaren Proeducar-Hezigarri programan sartu behar du. Horretarako, ikastetxeak bere klaustroari, familiei eta udalari galdetu behar die Ikas Komunitate izan nahi duen. Arrakasta izateko guztien parte hartzea behar da, bai tertulietan, talde elkar-eragileetan, bai dena delakoan. Komunitatearen oniritziarekin baiezkoa ematen da eta Hezkuntza Departamentuak eskaintzen duen ProEducar proiektuan parte hartzen da.
Hala, hilabetean behin, Nafarroako ikastetxe guztiak elkartzen dira astearte goiz batez Ikas Komunitateaz hizketatzeko. Arlo filosofikoaz aparte, gauza zehatzak ere jorratzen dituzte bilera horietan. Aurtengo bileretako puntu bat, esaterako, ebaluazioa da: “nola ebaluatu hau guztia oinarri horiek babesteko eta ikusteko ikasleek akademikoki aurrera egiten dutela, neurri edo ekintza horiek hartuta gehiago egiten dutela”.
Jardunaldiaz
Heziketa bereziki ikasleen inklusioan adituan den Silvia Molinaren hitzaldiarekin zabalduko da jardunaldia. Bazkaldu ondoren hainbat tailer egonen dira. Ikas Komunitateen arrakasta ekintzen inguruko zazpi tailer izanen dira arratsaldean. Ikastetxeek euren esperientzien berri emanen dute: elkarbizitza, familien trebakuntza… Azken gai horri buruzko argibideak emanen ditu Martinezek. “Emaitzak lortzen direla ikusten laguntzen dute tailerrek. Joaten den jendea iaioa da, urteak daramatza. Zientzia oinarria duen proiektua da”.
Jardunaldietan errealitate desberdinak ikusteko aukera dago. Haiek posible egiten dutenekin zuzeneko harremana hasi eta mantentzeko aukera ematen die parte-hartzaileei.
Aurretik hizketaldiak
Iruñeko San Francisco eskola publikoan 15ean izanen dira, 19:30etik 21:00etara. Hizketaldi horien helburua da “hobetzeko, ikasteko eta partekatzeko gogoa duten pertsonak elkartzea, pedagogi testuen aukeraketa hoberenaren inguruko hausnarketak elkar trukatzeko”. Eransunek azaldu duenez, edozeinek eman dezake izena. Hori bai, haietara joaten direnak dagokion liburua irakurri eta hizketaldian “konpartitzeko eta besteena entzuteko prestatu beharko dute”.
Sei dira proposatutako liburuak, literatur edo zientzia hizketaldietarako oinarria emanen dutenak. Baita elkartruke intelektualerako beste bat ere. Seietatik bakarra izanen da euskaraz Paulo Freireren ekarpenak (1999, Eusko Ikaskuntza) liburua oinarri duena. Pedagogo brasildarra irakurri eta pedagogia izanen dute hizketa gaia. Moderatzailea Aldaia izanen da.
Gaztelaniaz pedagogiaz aritzeko Lev Vygotskiren El desarrollo de los procesos psicológicos superiores (2012, Planeta) liburua irakurri beharko da aurretik. Pedagogi eta psikologia uztartzen dira Jerome Brunerren La educación puerta de la cultura liburuan (2013, Antonio Machado). Hizketaldi intelektualaren oinarrian Eric Kandelen En busca de la memoria (207, Katz) liburuaren 14. kapitulua izanen da (La experiencia modifica la sinapsis). Hizketaldiaren moderatzailea Martiunez izanen da. Ildo bereko hizketaldia izanen dute Lisa Randalllen Llamando a las puertas del cielo. Cómo la física y el pensamiento científico iluminan el universo y el mundo moderno (2013, Acantilado) liburuaren 6. zatiaz (Pensar globalmente y actuar localmente) hizketatuko direnak. Literatur hizketaldiaren ardatza La epopeya de Gilgamesh (2015, Pemguin clasicos) izanen da.
Jardunaldien egitaraua
08:45etik 09:30era Harrera eta materiala banatzea
09:30etik 09:45era Mustutzea:
Begoña P.rez Eransus Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreordea.
Susana Diego eta Aitor Etxarte KomunIkas, Nafarroako Ikas Komunitateen Sareko ordezkariak.
09:45etik 11.15era Hitzaldia: Nola HBB ikasleen inklusioak hezkuntza-komunitateen hezkuntza eta bizitza hobetzen duten Arrakasta Jardueren bitartez. Silvia Molina (Rovira i Virgili - Tarragona)
11:15etik 12:00etara Atsedena.
12:00etatik 13:30era Panela: Europar Batasuneko herrialdeen politikak Arrakasta Jarduera hezigarrien inguruan Europan.
13:30etik 15:45era Bazkaria.
15:45etik 17:00etara Aldi bereko tailerrak: Arrakasta Jarduera hezigarrien esperientziak eta elkarrizketarako tartea
1. Solasaldi dialogikoak.
2. Talde elkarreragileak.
3. Gatazkak ebazteko eta prebenitzeko eredu dialogikoa.
4. Komunitatearen parte-hartzea eta ikaskuntza-denboraren hedadura.
5. Senideen prestakuntza.
6. Irakasleen prestakuntza dialogikoa.
7. STEP4SEAS. SEAren emaitzak Europan.
17:15etik 18:30era Aldi bereko tailerrak: istorio narratiboak. Gizarte-inpaktuari eta ikasketa dialogikoaren printzipioei buruzko hausnarketa Arrakasta Jarduera Hezigarrietan.
1. Hezkuntza inklusioa
2. Solidaritatea, Transformazioa eta Zentzua sortzea Tertulia dialogikoen bidez.
3. Ikaskuntza Komunitateko zentro baten eraldaketa
4. Elkartasuna, Adiskidetasuna eta Ikasketa Instrumentala
5. Zentzua eta hezkuntza-komunitatea sortzea
6. Indarkeriarik gabeko espazio libreak
18:45etik 19:00era 2020/2021 Topaketaren aurkezpena.
19:00etatik 19:45era Akaberako hitzaldia: maskulinotasun alternatibo berriak, hezkuntza eta gizartea hobetzeko ezinbestekoak. Harkaitz Zubiri (Euskal Herriko Unibertsitatea).
19:45etik 20:00etara Akabera.