Dinabide, eraldaketa digitalerako Sakanako espazioa, teknologia berrietara egokitzeko eta arlo berri horietan pertsonak trebatzeko ikuspegiarekin sortu da. Inasa zeneko bulego eraikineko lehen solairua Irurtzungo Udalak eta Nasuvinsak zaharberritu dute eta han kokatu da Dinabide. Elkarlan edo coworking espazioko tailerreko tresneriaren erosketa Irurtzungo Udalak Ekonomikorako Departamentuaren Eskualdeak Suspertzeko Planeko deialdiaren bidez finantzatu da.
Sakanako Garapen Agentziak (SGA) Dinabide erabiltzeko hiru modu zehaztu ditu: lanaldi osoan, lanaldi erdian eta 5 eguneko txartelak erosita. Hainbat preziotako txartelak daude eta denak ere arrazoizko prezioan eros daitezke. Era berean, enpresa sortu berriei deskontuak eginen dizkiete. Aldi berean, Dinabideko erabiltzaileek, coworkerrek, tutoretza- eta aholkularitza-zerbitzuak ere erabili ahal izanen dituzte, Ceinek, Anelek edo Cederna Garalurrek emanen dituztenak. Zerbitzu horiek Sodena bidez finantzatzeko aukera izanen dute. SGAren helburua da Dinabideko elkarlan gunean berrikuntza-komunitate bat sortzea, 4.0 teknologietan aditua eta eskualdearen beharrei erantzunen diena.
Aintzane Iriberri Berrostegieta
Sakanako Garapen Agentziako energia eta industria arduraduna
Eraldaketa digitala bulkatzeko pauso handia. Zertan datza pauso handi hori? Zergatik?
Eraldaketa digitalaren erronkari nola erantzun behar genion lantzen urte batzuk daramatzagu, Dinabide proiektuak osotasunean zein hanka eta zein buru izan behar dituen definitzen. Proiektu hori orain gauzatuko da. Proiektuak dauzkan hiru hanketako bat, kasu honetan coworking-a, ireki eginen da eta erabiltzaileen eskura jarriko dugu.
Hiru hanketako bat. Gainontzeko biak?
Eraldaketa digitala sustatzeko Dinabide proiektuak hiru hanka ditu. Batetik, prestakuntza egokia izatea eraldaketa digitalari aurre egiteko, teknologiaren ezagutzan bereziki. Bestea da proiektuak identifikatzea, enpresek edo ekintzaileek estrategia bat definitzeko proiektuak. Eta, azkena, enpresak edo ekintzaileak espazio bat izatea, coworking-a izatea, berritzaileak diren teknologia horiek ezagutzeko, haiekin “jolasteko”, eurek garatutako produktu edo zerbitzuek gure industria sareen premiei erantzuteko.
Zer aurkituko dugu Dinabideko coworking gunean?
Inasako bulegoak hartu zituen eraikineko lehen solairuan dago Dinabide eta bi espazio ditu. Bata coworking gunea da. Oso espazio polita eta erakargarria sortu dugu. Lana elkarbanatzeko espazioa izanen da. 16 lanpostu dauzka. Horiek, mahaia eta aulkiaz aparte, Internet konexioa eta fotokopiagailua izanen dute. Bertan trebakuntza gela bat dago, proiektagailuz, pantailaz, mahaiz eta aulkiz hornitua. Bilera gela ere badu coworking espazioak. Baita kutxatilategia eta office txiki bat ere. Bestaldean tailerra dago, oso espazio irekia. Gela txiki batean fabrikatze eransgarriko makinak (3D inprimagailuak-eta) izanen ditugu. Coworking-era joaten diren enpresa edo ekintzaileek aukera izanen dute euren prototipoak, makinak probatzeko, garatzeko. Baita gure teknologietan ere euren produktuak diseinatzeko eta eratzeko ere. Oinarri gisa polimeroekin (plastikoa) egiten den fabrikatze eransgarria jarri dugu. Hori izanen da teknologian lehentasuna. Gure izarra HPren makina nahikoa potente bat izanen da, erdi-industriala dena. Ekintzaile horiek irudikatzen dituzten produktuak bertan fabrikatu ahalko dituzte. Fabrikazio eransgarriko beste teknologia batzuk ere egonen dira: eskanerra, polimeroen gehigarrien hiru inprimagailu, errealitate birtualeko betaurrekoak, elkarlan-robotxoa. Hori guztia tailerrean egonen da eta coworking-ean ari direnen eskura egonen da. Baina baita haiek erabili nahi dituzten enpresen esku ere.
Nola kudeatuko da hori guztia?
Epe motzean SGA izanen da espazioaren kudeatzailea. Hasiera da eta lehenengo egin behar duguna da Dinabide proiektua elikatzea, forma eman eta espazioa proiektuz, ideiez eta ekintzailez eta enpresez bete. Edozeinek eraldaketa digital edo coworking proiekturen bat baldin badauka, www.sakanagaratzen.com web orrian sartu, Dinabideren coworking espazioko eremuan klikatu eta eskaera-orria deskargatu dezake. Han bere proiektua aurkeztu beharko du. Oraingoz SGA da, gure aholkulariekin, erabakitzen duena aurkeztutako proiektua bateragarria den edo ez. Kudeaketa sistema elektronikoa, independentea izanen du. Horrek bermatzen du guk Dinabiden fisikoki ez egotea. Digitalizazioa sustatzen ari gara eta kudeaketa guztiz digitala izanen da. SGAren papera dinamizazioarena izanen da. Proiektuek zein erlazio izan dezaketen bai euren artean bai gure enpresekin. Coworking-ean sartzerakoan baldintza gisa jarri dugu erabiltzaileek hilabetero lau ordu eskaini behar dizkiotela SGAren proiektuei. Guk identifikatzen badugu enpresa batendako interesgarria dela zerbitzu bat edo produktu bat garatzea eta hori coworking-ean baldin badugu, komunean jarriko dugu eta erlazio horiek sustatzen saiatuko gara.
Eta epe ertain edo luzera?
Eragile publikoekin eta pribatuekin lanean ari gara. Guretako Dinabide bulkatuko duena entitate independentea izan behar du. Bai alde publikotik bai alde pribatutik egon behar du elikatuta. Bi alde horiei ere erantzun beharko lieke. Nafarroan ez dago halakorik. Uste dugu halako proiektu batek ez diola soilik Sakanako beharrei erantzuten, Nafarroan eredugarria da eta aukera ezin hobea berrikuntza eta garapena sustatzeko. Beste eragile batzuekin ere “jolasean” hasi gara ere. Eta jarraituko dugu, Nafarroako proiekzio hori lantzeko.
Dinabidek badu babesa, ezta?
Oso apustu handia da. Bi urte daramatzagu. Sakanako Sozioekonomia Behatokiak lehentasuntzat hartu zuen eraldaketa digitala. Erronka honi erantzuteko Irurtzungo Udalak baliabideak jarri ditu. Nafarroako Gobernuak babesa eman digu. 4.0 Industria arloan proiektuari garrantzia eman behar zaiola uste du. Horren adierazgarri da Nafarroako Industria Fundazioarekin eta Nafarroako Ingeniarien Elkargoarekin daukagun lan espazioa-edo. Horrek Dinabidera Nafarroako beste enpresa batzuen gaitasunak erakartzeko ateak zabaltzen dizkigu. Eraldaketa digitalari Sakanatik erantzute ari gara, Nafarroa guztiari dagokio proiektua.
Data zehatzik badago ateak zabaltzeko?
Astelehenean bertan. Bi pertsona hasiko dira. Hasierak, beti bezala, kostatzen da. Pitteka-pitteka bagoaz. Makinak azaro erdialderako izanen ditugu. Prestakuntzarekin ere azaroan hasiko gara, fundazioaren eta elkargoaren laguntzaz. Eraldaketa digitalean laguntzeko proiektu bat garatu nahi duen edozein pertsonak eta enpresarendako irekia dago. Eskaera egin dezala eta aztertuko dugu.