Gazte eguna ospatuko da seigarrenez

Guaixe 2019ko aza. 1a, 14:08
Gazteak festetan Barazki gunea zabaldu zutenekoa. Argazkia: @IrurtzungoGA

Gaur Larrazpi gazte elkartean izanen dira ekitaldiak eta bihar Barazkigunean.

Irurtzun eta Arakilgo Gazte Asanbladak (IAGA) antolatu du VI. Gazte Eguna. Irurtzungo, Arakilgo eta inguruko gazteen topalekua sortu nahi du IAGAk antolatutako egitarauarekin. Hasteko, gaur, 19:30ean, La lluita en la mochila dokumentala emanen dute. Ikus-entzunezkoak El Salvadorreko gerrillarekin borrokatzera joandako hiru emakumeren bizipenak kontatzen ditu. Horren ondoren 21:30ean afari musikatua izanen da. Afaldu ondoren Enara Urra irurtzundarrak eta Andrea Cuestak kontzertua emanen dute. 

Gazte eguna bihar izanik egitaraua ere zabalagoa da. 12:00etan jarri dute gazteek hitzordua, pintxo-potean aritzeko.  14:30ean mahaira eseriko dira, bazkaltzera. Handik ez dira bingo musikatua despeditu arte jasoko. Horretarako baliatuko dituzte Kejapunkera elektrotxarangaren doinuak 19:00etan. Kalejiran ibili eta gero, 21:30ean afaria izanen da. Indarberrituta, 23:00etan, D-Rais, Barne Gaua, Kimera eta Djungle taldeen kontzertuak hasiko dira.