Seme-alabek lagunartean euskara erabiltzen ez dutelako kezkatuta?

Guaixe 2019ko aza. 4a, 09:51
Bi gaztetxo Urdiaingo udaletxe paretik pasatzen.

Kezka horren inguruko hitzaldia emanen du Iñaki Eizmendi Arsuagak gaur, 19:00etan, Iñigo Aritza ikastolan.

Gaztelania eta euskara ofizialak diren gizarte batean bizi gara. Baina bi hizkuntzen egoera soziala desberdina denez, horrek ikaste prozesuan baita erabileran ere eragina du. Guraso euskaldun askoren kezka da euren seme-alabek lagunartean euskara gutxi erabiltzen dutela. Horren jakitun, Iñigo Aritza ikastolak euskararen erabileran eragiteko egitasmoen sustatzaile den Iñaki Eizmendi Arsuagaren hitzaldia antolatu du. 

Saio horretan euskararen erabileraren eta hizkuntza-ohituren oinarrian zer dagoen azalduko du. Baita hizkuntzak nola aukeratzen diren ere. Seme-alabek lagunartean eta beste harremanetan euskara erabiltzen laguntzeko gakoak emanen ditu. Eta irakasleen euskararen erabilera sustatzeko ahaleginari gurasoek edo guraso taldeek nola lagundu diezaioketen ere aztertuko du.