Munduari buelta ematen dion Abesbatzen Zikloa sakanan

Guaixe 2019ko aza. 1a, 11:25
Gema Sangkakala Indonesiako absbatza izanen da gaur. UTZITAKOA

Nafarroako Nazioarteko Abesbatzen XXV. edizioa izaten ari da egunotan, eta Sakanan geldialdia egin du: Gaur, azaroak 1, 19:00etan, Indonesiako Gema Sangkakala abesbatza izanen da Etxarri Aranazko Jasokunde elizan

Koru-kantua sustatzeko helburuarekin sortu zen 1995ean Nazioarteko Abesbatza Zikloa. Hortaz, aurten 25. edizioa antolatu du Nafarroako Abesbatzen Federazioak. Hamar egunez, 15 herrialdetako 17 abesbatzek Nafarroako geografia osoan zehar 28 kontzertu eskaini dituzte. Urtero bezala, zikloak geldialdia eginen du Sakanan ere. Gaur, azaroaren 1a, Indonesiako Manado hiriko Gema Sangkakala abesbatza izanen da, 19:00etan, Etxarri Aranazko Jasokunde elizan. Atzo Irurtzungo San Martin elizan Poloniako Art'n voices vocal Ensemble abesbatza izan zen.

Duela 25 urte, udazkenean, abesbatza entzuleek eta zaleek zorionekoak dira. Izan ere, Nafarroan Nazioarteko Abesbatzen Zikloa egiten da. Estatuan egiten den nazioarteko ziklo bakarra da. Munduko 15 herrialdetatik etorritako 17 abesbatzek parte hartu dute, baita Nafarroako zenbait abesbatzek ere. Besteak beste, aurten Indonesiako, Poloniako, Lituaniako, Letoniako, Belgikako, Errusiako edo Britainia Handiko abesbatzak izan dira Nafarroan bertako doinuak ahotsen bidez erakutsiz. 

Nafarroako Abesbatzen Zikloa Tafallan eta Iruñean hasi zen eta dagoeneko Nafarroa osora zabaldu da. Hortaz, herritik mugitu gabe goi mailako koru bat entzuteko aukera dago. Abesbatza profesionalen eta zaleen zita garrantzitsu bat da, eta urtero jarratzaileak irabazten ditu. 

Poloniatik eta Indonesiatik
Aurten Sakana bisitatu dituzten bi abesbatzak Poloniatik eta Indonesiatik etorri dira. Gaur, azaroaren 1ean, 19:00etan, Etxarri Aranazko Jasokunde elizan Indonesiako Gema Sangkakala abesbatza izanen da. Emakumeez osatutako abesbatzarik ezagunetarikoa da. Izen bereko fundazioaren parte dira. Fundazioak abesbatzekiko pasioa duten inguruko elizak eta edozein jatorri duten pertsonak biltzen ditu. Sr. Wenny Pattown izan zen sortzailea eta musikaren bitartez Jainkoaren inguruan hitz egitea da koruaren helburua. 

Atzo, urriaren 31, Art'n voices vocal Ensemble Irurtzungo elizan izan zen. Abesbatza gaztea Poloniako Wejherowo hirian sortu zen 2010ean eta kashubia hizkuntzan abeste dute, batez ere. Lau emakumek eta lau gizonek osatzen dute korua eta Erdi Arotik musika garaikidera bitarteko abestiak interpretatzen dituzte, baita haiek sortutako lanak ere. Abesbatza sortu zutenetik nazioarteko abesbatza lehiaketetan sari asko irabazi dituzte, esaterako, azken 5 urtetan bederatzi sari nagusi irabazi dituzte.