Futbola

Lagunek galdu eta Etxarrik irabazi

Guaixe 2019ko aza. 4a, 12:14
Etxarri Aranatzek 3 puntu oso baliotsu lortu zituen.

Preferente maila. 7. jardunaldia. Lagun Artea 0 – Ardoi B 2 / Etxarri Aranatz 2 – Ondalan 0

Preferente mailan, txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte gure taldeek. Lagun Arteak Ardoi B taldea hartu zuen igandean Zelai Berrin.  Ardoi 6. minuturako aurreratu egin zen, Ikerrek sartutako golari esker. Lagun Artea behin eta berriz eta modu guztietara saiatu zen, baina punteria falta nabarmena izan zuten lakuntzarrek eta ezin izan zuten Zizurkoen taldea zulatu. Bigarren zatian, jokoa dominatzea lortu zuen Lagun Arteak, baina Ikerrek, berriro, lakuntzarren atean asmatu zuen eta Ardoiren bigarren gola sartu zuen. Horrek min handia egin zion Lagun Arteari, eta partida 0 eta 2 galduta joan ziren aldageletara lakuntzarrak. 

Etxarri Aranatzen, ordea, guztiz ezberdina izan zen giroa. Ondalan taldea hartu zuten etxarriarrek, eta lehen zatian lehia ederra izan zuten bi taldeek. Villatuertakoek, akaso, aukera gehiago izan zituzten, baina ezin izan zuten etxarriarren atea gainditu. Bigarren zatian Etxarri finago aritu zen eta Ondalango atera iristen hasi ziren gorritxoak. Horreal, 69. minutuan Perkazek eta 75. minutuan Xabat  Goikoetxeak sartutako golei esker 2 eta 0 irabazi zuen Etxarrik eta hiru puntu oso baliotsu eskuratu zituen. 

Beti Casedano da preferente mailako lehen multzoko liderra (13 puntu). Galdu eta gero Lagun Artea 7. postura jaitsi da (11 puntu) eta Etxarri Aranatz 12.a da (9 puntu). Asteburuan, 10 punturekin sailkapenean 10.a den Arrotxapearen kontra arituko da Etxarri Aranatz Iruñean, bi arerio zuzenen arteko partida, eta Beti Casedano liderra izango du aurkari Lagun Arteak, Casedan, partida oso konplikatua azken bi jardunalditan galdu duten lakuntzarrendako.