Atletismoa

Flores, Garcia de Eulate eta Mendieta sakandar azkarrenak Harresien Lasterketan

Guaixe 2019ko aza. 5a, 13:24

4.900 korrikalari baino gehiago aritu ziren lasterketan, sakandar ugari tartean. Iker Flores 32.a sailkatu zen proba nagusian (15 km), Sergio Garcia de Eulate seigarrena izan zen proba ertainean (10 km) eta Ruben Mendieta laugarrena proba laburrean (5 km). 

Ostiral iluntzean 4.900 korrikalarik baino gehiagok hartu zuten parte Kirol Bat Triatloi Taldeak antolatutako Iruñeko Harresien Lasterketan, Iruñeko Gotorleku eta Harresietan barna euripean jokatutako proban. Tartean sakandar asko zeuden, gehienek igandean jokatuko den Behobia-Donostia lasterketarako prestatze lanetan. Hiru distantzia zeuden: Forteko Lasterketa (5 km), Gotorleku Lasterketa (10 km) eta Harresien Lasterketa (15 km). Euriak berez ikusgarria den probari dirdira kendu zion, baina hala ere korrikalariak ez ziren kikildu eta parte hartzea bikaina izan zen. 

Proba nagusian, Harresien Lasterketan (15 km), Joseba Diez azkoitiarra (50:53) eta Ana Llorens iruindarra (1:10:43) gailendu ziren proba despeditu zuten 1.164 korrikalarien artean. Joseba Diezek bi minutu pasa atera zion Antonio Etxeberriari (52:54), baina Ana Llorensek lehia estua izan zuen Irene Segurarekin (1:01:52), eta azkenean Llorensek 9 segundo atera zizkion Segurari. Sakandarren artean Iker Flores urdiaindarra (1:02:54) eta Maria Goikoetxea etxarriarra (1:15:41) izan ziren azkarrenak, sailkapen orokorrean 32.a eta 330.a hurrenez hurren.

Gotorleku Lasterketan (10 km)  1.741 korrikalari iritsi ziren helmugara. Guztien artean Ander Noain atarrabiarra (35:41) eta Amaia Melero iruindarra (41:19) izan ziren azkarrenak. Sakandarren artean Sergio Garcia de Eulate altsasuarra izan zen azkarrena, sailkapen orokorrean seigarrena (38:47). Emakumezkoetan Maalen Beraza irintarra sailkatu zen lehena, sailkapen orokorrean 397.a (53:32). 

Bukatzeko, Forteko Lasterketan (5 km) 1.063 korrikalari sailkatu ziren, Toledoko Ivan Galan (16:25) eta Alicia Carrera (18:00) buru zirela. Sakandarren artean parte-hartze zabala egon zen eta nabarmentzekoa da Ruben Mendieta podiuma zapatzear egon zela, korrikalari olaztiarra laugarrena sailkatu baitzen (17:09), Mikel Armañanzas hirugarrenetik 15 segundo eskasera. Emakumezkoetan Amaia Aristu olaztiarra 172. postuan sartu zen helmugara (25:08).