Amenabarren Mientras dure la guerra film arrakastatsuaren aitzakian Unamunoren funtsezko puska batzuen berri eguneratua izan dugu azken asteotan. Espainiako intelektualen artean ezagunenetakoa eta errespetatuenetakoa suertatu da nazioartean ere bilbotarra. Bada, gerra zibilaren atarian eta hasmentan diruz ( 5.000 pezeta) eta hitzez egin zuen Francoren alde, baina hispanitatearen ospakizunekin batera Francoren aurka gartsuki egin zuen film honetan garbi adierazten den bezala.
Bazter gutxi batzuk nahastu ditu oraingoan filmak, Millán Astray legionarioen burua batere ongi irudikatzen ez duelako, baina oro har 1936ko uztail hartaz eragin du debatea, berriz.
Esan dezadan bidenabar, Unamunoren nahikari bat bete balitz Guaixe edota euskarazko irrati, telebista edota webgunerik, are gutxiago euskarazko unibertsitaterik ere ez legokeela egun. Entzun diezaiogun aletxo bat: “¿Y el vascuence? ¡Hermoso monumento de estudio! ¡Venerable reliquia!¡Noble ejecutoria! Enterrémosle santamente, con dignos funerales, embalsamado en ciencia” (sic, “leísmoa” eta guzti). Bilbon 1906an bota zuen diskurtsoa. Gure garaian ere hitz haien oihartzunak euskarafobiaren argudio-multzoan ohorezko tokia okupatzen du tinko eta ergelkeriaren frontispizioan harro.
Kontua da Unamunoren itzalak hainbat pentsalari nahiz politikari espainolistaren bizkarrezurra zeharkatu duela belaunaldiz belaunaldi, baita Txillardegi, Salbatore Mitxelena edo Joseba Sarrionandia abertzaleen gogoaren periferia ere. Unamunok bere luze zabalean denetik eskaintzen du: protoabertzale, espainolista amorratua, karlista antxa, anarkisten gertukoa, ordenaren zalea, sozialista, erreakzionarioa, agnostikoa, kristauzalea…
Giza esperientziaren aztertzaile grinatsu eta erraria, bere egunen azken ilunabarrean militar matxinoen alde egin zuen Errepublikaren onbeharrez ari zelakoan. Salamancako paraninfoko ekitaldiak erreskatatu zuen historiaren aurrean, baina Unamunoren hainbat zama astun eta eldarnio pozoitsu astindu beharrean gaude.