Areto futbola

Eguberritako Areto Futbol Torneo solidarioa antolatu dute Ziordian

Guaixe 2019ko aza. 6a, 14:41
Ziordian jokatutako neska-mutikoen areto futbol torneoa.

Abenduaren 29an izanen da eta izena ematea zabalik dago. Jasotako guztia Rett sindromea duen Zuriñe neskatilarendako izango da

Eguberritako Areto Futbol Torneo solidarioa antolatu dute Ziordian. Abenduaren 29an jokatuko da, eta jasotako guztia Zizurkoa den eta Rett sindromea duen Zuriñe neskatilaren senitartekoendako izango da, familia honek Zuriñe zaintzeko dituen gastuak laguntzeko. 

Eguberritako Areto Futbol Torneoan aritzeko izena ematea zabalik dago. Horretarako 620 064 534 telefonora hots egin daiteke (Jose Ramon) eta talde bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu. Torneoan gutxienez 3 partida jokatu beharko ditu talde bakoitzak. Bide batez, torneoa jokatzen den egunean antolakuntzak zozketa erraldoia egingo du: futbol eta saskibaloi taldeek utzitako kamisetak, opari bikainak eta hainbat eta hainbat sari zozketatuko dira. Zozketako txartelak salgai daude dagoeneko. 

Nola lagundu
Zizurren bizi den Zuriñek Rett sindromea du eta gaixotasunari aurre egiteko makina bat tratamendu behar ditu. Horrek, jakina, gastu ekonomiko handia dakar. Familia honi ahalik eta laguntza gehien ematea da abenduaren 29an jokatuko den Ziordiko Eguberritako Futbol Torneoaren helburua. “Hainbat modutan lagundu daiteke: zuzenean Zuriñeren aldeko diru ekarpena eginez eta trukean torneoko kartelean babesle moduan agertuz; torneoko parte-hartzaileendako produktu sorten ekarpena eginez eta trukean torneoko kartelean babesle moduan agertuz; elkartasun zozketa erraldoirako produktu edo opariren bat eginez; Zuriñeren aldeko elkartasun zozketako txartelak salduz; aipatu zozketarako txarteltxoak erosiz; eta, jakina Ziordiko Gabonetako Areto Futbol Torneoan parte hartuz” adierazi dute antolakuntzatik.