Ziklo-krosa

Igor Arrieta txapelduna Legazpiko Ziklo-Krosean

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 8a, 09:55
Igor Arrieta uhartearra ikusgarri aritu zen Legazpian. Argazkia: Angel Elorza.

Sakana Group taldeko txirrindulari uhartearrak jubenilen mailako lasterketa irabazi zuen. Kadeteetan bere taldekide Aimar Tadeo lakuntzarra hirugarrena sailkatu zen

Errepideko txirrindularitza denboraldia despedituta, ziklo-kros denboraldia hasi berria da. Horrela, Ostiralean Legazpiko IX. Ziklo-Krosa jokatu zen, proba prestigiotsua. Bihurgunez, aldapez eta lohiaz betetako 2,5 kilometroko zirkuitua prestatu zuten antolatzaileek, eta kadeteek, juniorrek, 23 urtez azpikoek, eliteek eta masterrek hartu zuten parte bertan. 

Juniorren mailan 5 itzuli egin zizkioten zirkuituari eta Sakana Group-Aralar talde lakuntzarreko Igor Arrietak lur gainean errepidean bezain ongi moldatzen dela erakutsi zuen. Uharte Arakilgo txirrindulariak proba ikusgarria egin zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (40:09), Electroalavesa-Etorki taldeko Unai Unzaga bigarrenari 42 segundo aterata. Bere taldekide Ion Erdozia 19.a sartu zen (46:58). Burunda Klubeko Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi altsasuarra 20.a sailkatu zen (47:06), Jon Chamorro urdiaindarra 29.a (50:43) eta Oihan Etxeberria urdiaindarra 37.a (47:28). 

Kadeteetan ere sakandar bat podium gainean ikusi genuen. Kadeteek 5 itzuli egin behar izan zituzten, eta Vicinay taldeko Aimar Orrantia izan zen azkarrena (34:04). Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo lakuntzarra oso ongi ibili zen eta hirugarrena sailkatu zen (34:25), 20 segundora. Bere taldekide Aritz Oiarbide etxarriarra 21. postuan sailkatu zen (39:34) eta Burunda Klubeko Quesos Albeniz taldeko Mikel Rejil 23.a sartu zen (40:15) eta Mikel Uncilla 24.a (40:27). 

Abenduaren 14an Urdiaingo Ziklo-Krosa jokatuko da
Burunda Txirrindularitza Taldeko idazkari Gorka Mintegik aurreko astean adierazi moduan, abenduaren 14an ziklo-kros lasterketa antolatuko dute Urdiainen. Beraz, kirol ikusgarri eta eder honetaz gozatzeko aukera izango dugu Sakanan. Lehenengo aldia da Burunda klubak halako lasterketa antolatzen duela, baina euren txirrindulariak ziklo-krosean aritzen direnez, pausua ematera animatu da Burunda kluba, eta proba jarraitzera animatu ditu sakandarrak. Mintegik aipatu zuenez, Urdiaingo Ziklo-Krosa Benigno Mendia zenari omenaldi xumea izango da, Sakanan ziklokrosean hasi zen lehenetarikoa izan zelako.