Bakarrik dauden adingabe atzerritarrak Sakanan

"Mutil horiei herria eta bihotza ireki"

Guaixe 2019ko aza. 11a, 09:15

Bakarrik dagoen atzerriko adingabe bat astoa laztantzen Iturmendin. Argazkiak: Sei elkartea.

Sei elkartea Sakanan lanean hasi da eta boluntarioak behar dituzte ikasturte honetarako. Iturmendin eta Altsasun iritsi berri diren adingabeei harrera egin eta laguntza ematea da boluntarioek egin beharko luketena

Sei elkartetik diote nerabe horiei laguntzea eta haiekin denbora pasatzea “norberarendako opari bat” dela, “norberari oparitutako kalitatezko denbora, norberaren hazkundea eta poztasuna da”. Maite Ziganda Sei elkarteko kidea da.

Zer da Sei elkartea? 
Duela 20 urte Iruñean sortu zen elkartea. Irakasle batzuek ikusi zuten euren ikasgeletan nerabe etorkinak sartzen ari zirela eta zailtasunak zituztela klaseko gauzekin. Eta esan zuten: eskola ordutegitik kanpo etxeko lanak egiten eta, esaterako, gaztelania ikasten lagunduko diegu. Duela 20 urte Nafarroan oso etorkin gutxi zeudela. Urteak pasa ahala kulturartekotasuna gure artean dago. Ez da zaila kalean beste koloreko jendea ikustea. Errealitate hori normalizatu dugu. 

Nerabeekin ari zarete, beraz?
Gauza da 12 eta 17 urte bitarteko nerabeek migratzen dutenean batzuetan dolua pasa behar dutela. Gehienetan Sei elkartean harreran hartzen ditugu berriz elkartzen ari diren nerabeak. Hau da kasu orokorrena: amak Bolivian ume bat izan zuen oso gaztetan, umea izanda ezer ez zeukala ikusi eta bere amari esaten dio Espainia aldera noa, han lan eginen dut, dirua egin eta nire umearekin bizitzeko etxea eginen dut. 

Hala balitz, eh? 
Hona etortzen dira, ikusten dute dirua ez dela hain erraz egiten, urteak pasatzen dira eta 12-15 urte ondoren ekartzen du han utzi zuen semea edo alaba. Jakina, seme-alaba horiendako bere ama amona, izeba edo bizi izandako eta emozionaltasun hori izan duten pertsona hori izan da. Eta bat-batean hori guztia mozten diote. Hemen laguntzen diogu bizitza berriari aurre egiten. Bai dolua lantzen, tristura guztiei aurre egiten, oso triste baitaude eta ez dute etxetik atera nahi, lagunak egiten eta hemengo funtzionamendua zein den erakusten. Orain hotza egiten hasi da eta askok ez dute halakorik bizi izan. 

Baina… 
Orain arte berriz elkartzen diren familiak ziren gehienak. Baina duela urte bat ikusi genuen familia guztia etortzearena igotzen ari zela, esate baterako: Nikaraguan krisialdia pasatzen dutela, aita eta ama ez daude han ongi eta familia guztia hona etortzen da. 2017an familiarik gabeko eta adingabeko hiru nerabe etorri ziren. Gehienak Afrika aldetik, baina baita Asiatik ere. Orain arte urtean hiruzpalauk parte hartzen zuten gure elkartean. Baina 2018an, bat-batean, ikusi genuen familiarik gabeko adin txikikoen kopuru nahikoa handia etorri zela Iruñera. Adin txikikoak direnez, Nafarroako Gobernua haiek zaintzera behartuta dago. Eta hori da Sakanarekin dugun lotura. Bat-batean nerabeak etorri dira eta Nafarroako Gobernuak bat-batean bizilekua, jatekoa eta abar eman behar izan dizkie. 

Oinarrizkoena, bai. Zein profil dute nerabe horiek?  
Gehienak mutikoak dira, bi neska beste herri batean daude. Gehienek 15 eta 17 urte artean dituzte. Duela 80 urte gurean 14 urterekin helduak zirela gogoratzen badugu, nerabeak, neurri batean, formula horrekin heldu dira. Ez pentsatu hemengo 16 urte, baizik eta orain dela 80 urteko 16 urteak, jada helduak zirela, lan egiteko prest zeudela… Horrela etorri dira mutiko hauek. Ez dira denak elkarrekin etorri, baina gaur egun Nafarroan 260ren bat adin txikiko bizi dira. Nafarroa osoan barna banatu dituzte. Egia da toki batzuetan besteetan baino nerabe gehiago daudela. Etorri direnen asmoa zen ikastea, lan egitea eta bizitza normala izatea. Aurrenak etorri zirenak baliabide gehiago izan zituzten. Orain etorri direnak… 16 urte baino gutxiago dutenak eskoletan sartu dira, baina 16 urte baino gehiago dituztenak beti zailtasunak izan dituzte prestakuntza izateko eta lan egiteko. Horregatik, astearteetan eta ostegunetan Iturmendira eta Altsasura joaten ari gara elkartekoak. 

Iturmendiko egoitzaz aparte, Altsasuko pisuetan bizitzen ari direlako nerabe batzuk, ezta? 
Iturmendiko esperientzia, kontuan izanda herri txikia dela… Ni ere herri batean bizi naiz. Bat-batean zure herrira familia bat etortzea notizia da. Bada, bat-batean gure herrira 15 edo 25 nerabe etortzea ez da erraza. Herrian hasieran sortu zen, ez dakit, larritasuna edo…

 

Ardura. Berritasun hori zergatik gertatzen den, nola. Zein da Sei elkartearen egitekoa Sakanan? 
Elkarlanean ari gara Iturmendiko etxea kudeatzen dutenekin eta Nafarroako Gobernuarekin. Ikusi dugu eman duten informazioa ez dela oso egokia izan. Batzuetan beldur handia sortu da mutil horien inguruan. Gure asmoa da komunitatea, herria, hurbiltzea mutil horiek ezagutzeko. Horretarako, geletan elkartuko gara. Eurendako gaztelania ikastea oso garrantzitsua da. Horretan laguntzeko Iturmendiko edo Altsasuko edonor boluntario apuntatu daiteke eta, horrela, elkarezagutzea sortzen da. Guretako oso garrantzitsua da ezagutzea. Hor, sartu dizkiguten beldur guztiak erortzen dira, bat-batean. Astearteetan Iturmendin gela batean elkartzen gara eta gaztelania edo behar duten zerbait ikasten aritzen gara. Batzuetan gauzak ezagutzera joaten gara, gaztaina festak direla eta, Euskal Herriko hostoak eta. Sakondu ere. Sakanan gauza pila egiten dira. Bada, haiek parte izatea. Garrantzitsuena da beraiei harrera ona egitea, parte sentitzeko eta, horrela, euren bizitza aukera berberekin bizi dezaten. Eta mundu guztia lasai egoteko. 

Boluntarioak behar dituzue, beraz. Nolakoak izan behar dute? 
Haiekin taldeetan aritzeko garrantzitsuena: gogoa izan behar dute. Bestetik, 21 urte baino gehiago izatea eskertuko genuke. Baina, ez dakit, esaterako, saskibaloi talde bat dagoela eta jendea behar dutela eta guk badakigu mutiko batek nahi duela saskibaloian jolastu, elkarrekin harremanetan jartzea. Gaztelania noski, baina mutil horiek euskara ikasteko gogoa ere badute. Euskara tailerrak egin nahi badituzte… Ongi etorriak izanen dira ideia guztiak. Gauza da, bai Iturmendiko bai Altsasuko bizilagunek, aukera izatea mutiko horiekin elkartzeko antolatuta dagoen talde batean. Eta hortik aurrera komunitatea egitea. Horretarako, gogoa eta denbora behar dira. 

Noiz dira saioak?
Asteartetan Iturmendin eta ostegunetan Altsasuko gazte gunean, 17:00etatik 19:00etara. Boluntario izaten interesa duenak 948 239 739 edo 673 329 449 telefonoetara hots egin dezake, edo gestion@asociacionsei.org e-postara idatzi dezake. Gure web gunean, www.asociacionsei.org, informazio guztia dago. Jendea animatu nahi genuke. Badakit gauzak ez direla… Ez da denborarik izan. Adin txikikoak dira eta zen: orain edo orain. Jendea animatzen dut mutil horiei herria eta bihotza irekitzera. Oso jatorrak dira, eta merezi du. Elkarrengandik ikasiko dugu, ziur!

Erlazionatuak