Pentsio duinen aldeko mugimendua azaroaren 16ra begira

Guaixe 2019ko aza. 10a, 13:03
PEntsio duinen aldeko aldarrikapena Etxarri Aranazako azokara eraman zuten astelehenean.

Hiriburuetan mobilizazioak eginen dira. Altsasutik Iruñekora joateko autobusa antolatuko dute. Joan nahi dutenek mugimenduko kideekin harremanetan jarri beharko dute.

Etxarri Aranatzen Sasoia Nafarroako pentsiodunen eta jubilatuen elkarteak deituta 45 pertsona elkartu ziren azokan pentsio duinak aldarrikatzeko. Altsasun 30 inguru izan ziren. Batzuek eta besteek lelo bera zabaldu zuten: “berdin dio nork gobernatu, guk pentsio publiko duinak defendatu”. 

Hego Euskal Herriko hiriburuetan pentsio duinen aldeko mobilizazioak deitu dituzte azaroaren 16rako. Pentsio duinen mugimenduarekin batera deitzaileak dira sindikatuak, mugimendu feminista, ikasleak, gazte mugimendua eta beste. Bestetik, gogorarazi dute pentsio duinen aldeko bigarren urteurrenarekin batera, ilbeltzaren aurreneko hamabostaldian greba orokorra deituta dagoela. Euskal Herrian duinki bizi eta lan egin nahi dutela aldarrikatuko dute. 

Mezuak 
Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak “bukatutzat” jo zuen “promesen garaia” eta mobilizazio orokorrera deitu du”. Aitortu dute bi urteko mobilizazioei esker “aldarrikapen apur batzuk lortu genituen, baina ez dira finkatu, hori oztopatzen duten lan eta pentsioen Legeak indarrean jarraitzen dutelako”. Beraz, mugimenduak ez ditu Pentsioen Sistema Publikoa, ez pentsio duinak bermaturik ikusten. Horregatik, Estatuko eta Nafarroako Gobernuei exijitu diete 2020ko aurrekontuetan “lanpostu duinak eta pentsio publiko, bidezko eta nahikoak ziurtatzea”. 

Batzuek eta besteek hauteskundeetan “tentuz” bozkatzeko eskatu zuten. Beti ere, estatuko koordinadoratik, Coespetik, gogorarazi zutenez, “banaketa egiten duen, unibertsala eta belaunaldien eta lurraldeen artean solidarioa den Pentsio Publikoen Sistemaren alde, pertsona guztek autonomiaz eta duinki bizitzeko sarrerak bermatzearen alde apustu egiten badute”. Coespetik gaztigatu dutenez, “pentsio plan pribatuak, banakako kapitalizazio sistemak, Austriar motxila, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde edo pentsio pribatuen bestelako finantza produktuek pobrezia handiagoa eta soldata ertain eta baxuak dituztenen artean desberdintasun handiagoak ekarriko dituzte”. 

Eskakizunak 
Pentsio Sistema Publikoa legez ziurtatzea.
Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea.
Pentsioen Legearen 2011 eta 2013ko erreformak bertan behera uztea. 
Gutxienez Kontsumo Prezioen Indize errealaren igoeraren pareko pentsioen eguneratze automatikoa bermatu.  
2010eko eta 2012ko lan erreformak bertan behera uztea. 
Genero arrakala ezabatzea soldata eta pentsioetan.
Zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitatezkoen defentsa.