Gazteria eta sexualitatea, gozamenez

Guaixe 2019ko aza. 8a, 12:26
Zentzumenen ibilbidea Intxostiapunta gazte gunean egiten.

Programa horren bidez sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarri batetik lantzeko doako egitaraua prestatu dute.

Gizartean egon daitekeen sexualitatearen kontzeptu murritza zabaldu nahian ari dira Gozamenez programako sustatzaileak. Gazteei adierazi nahi diete sexualitatea ez dela genitaletara eta koitora mugatzen, badela beste zerbait ere. Hor daude, esate baterako, norberaren sexualitaterako eta besteekiko harremanetarako garrantzitsuak diren lotura afektiboak, desioak, fantasiak, autoestimua eta plazera sentitzeko beste modu batzuk. Horregatik, Gozamenez programaren ekitaldiak sexualitatearen ikuspegi global eta osotua sustatzen ahalegintzen dira. Aldi berean, gazteak haien sexualitatearen garapenean inplikatu nahi dituzte. Sakanako Gozamenez batzordeak antolatu du egitaraua, Altsasuko Udalaren kultura eta gazteria zerbitzuen, Iruñeko Gozamenez batzordearen eta Osasunbidearen laguntzaz. 


Egitaraua 
Azaroak 8, ostirala 
21:00etan, Foru plazan: “Luza iezadan/k eskua” antzerki ibiltaria 

Venusek eta Plutonek zentzumenak aktibatzen dituzte, sekretuak xuxurlatu, ametsak saldu… Haiekin topo egiten baldin baduzu bidean… zure patua aldatuko da. 

Azaroak 15, ostirala 
18:00etan, Iortia kultur gunean: Pornografia/erotika, zertaz ari gara? Film laburrak eta foruma 

Hiru ikus-entzunezko izanen dira: Pornografia eta gazteen sexu heziketa (ETBk egindako elkarrizketa); Jovenes, los nuevos clientes de la prostitucion (ETBko 360º saioko atala) eta Salon erotico de Barcelona 2018. Bel Pozueta sexologoak gidatuko du saioa. 


Azaroak 16, larunbata
17:00etan, Intxostiapunta gazte gunean: zentzumenen ibilbidea. 

Ginkana, mural margotzea eta dastatze beroa izanen dira.