Atletismoa

100. Behobia-Donostia: 33.379 korrikalari, %25,7 emakumezkoak

Guaixe 2019ko aza. 8a, 13:38
Joxe Mari Mercerok iaz bere 32. Behobia-Donostia osatu zuen. Aurten zendu zen eta faltan botako dute korrikalari askok.

Igandean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketaren 100. edizioa. Emakumezkoen parte-hartzeak gorakada izugarria izan du eta 33.379 korrikalarietatik %25,7 emakumezkoak dira, errekorra. Makina bat sakandarrek hartuko dute parte

Gorteetarako Hauteskunde Orokorrekin batera jokatuko da aurten Behobia-Donostia lasterketa, Euskal Herriko lasterketa ezaguna, korrikalari gehienek gorriz markatua duten data. Eta horrek antolatzaileei buruhauste ugari sortu dizkie. Aurtengoa, gainera, data borobila da: 100 urte beteko ditu Fortuna klubak hainbat babeslerekin antolatzen duen probak. Antolatzaileek asteartean eman zituzten aurtengo probako datuak eta zenbaki oso potoloak entzuteko aukera egon zen.

8.604 emakume, errekorra
Lehenik eta behin, 33.379 korrikalarik eman dute izena 100. Behobia-Donostian parte hartzeko. Seigarrenez gainditu da 30.000 parte-hartzaileen muga. Euskal Herrian ez ezik, hemendik kanpo ere oso ezaguna da lasterketa eta geroz eta gehiago dira proban parte-hartzera datozen korrikalariak. Eta azpimarratzekoa da 33.379 korrikalari horien %25,7 emakumeak direla, hau da, 8.604 korrikalari, parte-hartze errekorra. Pasa den urtean SSSS50/50/25 egitasmoa jarri zuen martxan antolakuntzak, hau da, 2025eko edizioan korrikalarien erdiak emakumezkoak izatea nahi du Fortuna klubak, eta bide onean doaz. “Ezarritako plan estrategikoa betetzen ari gara” azaldu zuen Arantza Rojo Fortuna Kirol Elkarteko Komunikazio arduradunak. 

Korrikalarien artean aurpegi oso ezagunak daude. Emakumezkoen artean Aroa Merinok hartuko du irteera, azken hiru ekitaldietako irabazlea eta egungo errekorra duena (01:09:41); eta joan den urtean bigarrena izan zen Diana Martin ere aritzekoa da. Ildo honetan, aipatzekoa da aurten irteera berezia izango dela eliteko emakumezkoendako. 10:10ean aterako dira, gizonezkoak baino bost minutu lehenago, “emakumeei protagonismoa emateko”. Gizonezkoetan aurreko urteko garaile Jaume Leivak ez du aurten parte hartuko, baina bai bigarren eta hirugarren sailkatuak izan zirenak: Iraitz Arrospide eta Ivan Fernandez. 

Aurtengo Behobia-Donostia lasterketako gonbidatu berezia Haile Gebrselassie korrikalari ohi etiopiarra izango da, besteak beste Olinpiar Jokoetan bi urrezko domina irabazi zituena eta Munduko Txapelketetan urrezko beste lau domina lortu zituena, 10 kilometroko proban inoiz izan den atletarik onena. Ostiralean Irungo Ficoban hitzaldi bat emango du, Korrikalariaren Azoka bertan egongo baita. Larunbat goizean entrenamendu ireki bat zuzenduko du, eta iganderako ere dortsal bat gorde diote, nahiz eta afrikarrak oraindik ez duen baieztatu ariko den ala ez. 

20 km ezagun
Ibilbidea ohikoa izango da: Behobiatik abiatu eta Donostiako Bulebarrean amaituko da, 20 km osatuta. Goizeko 09:45ean urritasunen bat duten parte-hartzaileak abiatuko dira, 9:50ean irristalariek ekingo diote probari eta korrikalarien artean eliteko emakumeak 10:10ean aterako dira eta eliteko gizonezkoak 10:15ean. Ondoren, izena eman duten gainontzeko korrikalariak abiatuko dira, taldetan banatuta, dortsalaren kolorea kontuan hartuta. 

Eguraldi iragarpenak euria eta hotza egingo duela iragartzen du, 10 gradu inguruko tenperatuta. Horrekin batera, haizea da antolatzaileen kezka. Baina horrek ez ditu korrikalariak kikilduko eta Donostia atletismoaren festa izango da igandean, igande pasa egiteko aukera paregabea. 

Behobia Txikia larunbatean eta aurten ez da Behobia Gaztea egongo
Bezperan, larunbatean, Behobia Txikia jokatuko da Anoetako estadio txikian, 15:00etatik hasita. 12 urte bitarteko 2.500 haur ariko dira. Bestalde, antolakuntzak aurten ezingo du antolatu 14 eta 18 urte bitarteko gazteak hartzen zituen 4,5 kilometroko Behobia Gaztea, igandean goizeko 09:45ean Herrera auzotik abiatzen zen lasterketa, hauteskunde orokorrak eta Behobia-Donostia lasterketak bat egiteagatik. “Erabaki hau hartzea oso zaila izan zaigu, baina beharrezkoa da, lasterketaren ibilbideak lehen ordutik zuzenean eragiten baitie bi hauteslekuri. Eta neurri honekin murriztu egingo ditugu hauteslekura joan behar duten herritarrei eragindako eragozpenak” adierazi dute antolatzaileek. Horrela, 16 urtetik gorakoei proba nagusian aritzeko baimena eman diete. 

Lasterketaren azoka Irungo Ficoban egingo da, bigarrenez, ostiralean eta larunbatean. Bertan erakusketa bat egongo da. Bestalde, lasterketaren ondoren Behobia-Donostiaz prestatu duten dokumental bat estreinatuko dute. 

Sakandarrak
2018an proba osatu zuten 24.914 korrikalarien artean 72 sakandar zeuden, eta Mikel Satrustegi arruazuarra (1:16:15) eta Erkuden San Martin etxarriarra (1:31:54) izan ziren azkarrenak. Aipatzekoa da Joxemari Mercero beterano unanuarrak bere 32. Behobia-Donostia osatu zuela 79 urterekin. Aurten zendu zen Unanuko korrikalari beteranoa eta gertukoek bere falta nabarituko dute Behobian. 

Aurten ere makina bat sakandar animatuko dira Behobia osatzera. Azken hilabetean ohikoa izan da Sakanako errepide eta bideetatik korrikalariak entrenatzen ikustea. Horietatik asko aurreko larunbatean Iruñean aritu ziren, Harresien Lasterketan. Horrela, guztiak, behar bezala prestatuta iritsiko dira igandeko Behobia-Donostia zita garrantzitsura.