Aurreikusi bezala, UPN, PP eta Ciudadanos elkartzen dituen Navarra Suma koalizioa izan da kongresurako hauteskundeak irabazi dituena. Koalizioak 98.448 boto (% 29,62) jaso zituen, aurreko deialdian baino 9.171 boto gutxiago eta aspaldiko boto emaitzarik txikiena, baina portzentaje bera. Udaberrian bezala, eskuineko koalizioak bi diputatu eta hiru senadore lortu ditu: Sergio Sayas, Carlos Garcia Adanero, Amelia Salanueva, Ruth Goñi eta Alberto Catalan.
PSNren kalterako izan da hauteskundeen errepikapena. Izan ere, udaberrian lortutako bi diputatuetako bat galdu dute sozialistek botoen portzentajean 0,72 puntu soilik galdu arren. 83.242 nafarren babesa eskuratu dute sozialista nafarrek, aurreko deialdian baino 11.309 gutxiago. Ohi bezala, sozialistek estatuko deialdietan maiatzeko foru hauteskundeetako baino emaitza hobeak lortu dituzte. Sozialistek diputatu bat eta senatari bat bidaliko dituzte Madrilera, Santos Cerdan eta Antonio Magdaleno.
Hauteskunde errepikapenak on egin dio Nafarroan EH Bilduri. Apirileko deialdian kongresurako akta lortzetik 408 botora gelditu zen koalizioko hautagaia. Oraingoan Bel Pozuetak babes handiagoa lortu du eta Madrilerako akta eskuratu du. Horrekin batera, EH Bildu Nafarroako hirugarren indarra bihurtu da eta, gainera, hautatu nafarrarekin koalizioak Kongresuan talde propioa izanen du. EH Bilduk 56.387 nafarren botoak jaso zituen atzo (%16,96), udaberriko deialdian baino 9.622 boto gehiago, 4,22 puntu gehiago. EH Bilduk maiatzeko Nafarroako Parlamenturako baino 5.757 boto gehiago jaso zuen atzo.
Ahal Dugu nafarren hirugarren aukera izatetik laugarrena izatera pasa da apiriletik azarora, 0,36 puntugatik izan bada ere. Moreek 55.191 (%16,60) nafarren babesa izan dute, aurreko deialdian baino 13.202 boto gutxiago. Hala ere, nahikoa babes eskuratu dute eta maiatzean bezala moreek diputatu bat bidaliko dute Madrilera, Jone Belarra.
Nafarroako bosgarren hautagaitza bozkatuena Vox izan da. 18.656 boto (% 5,61) eskuratu dituzte ultraeskuindarrek, udaberriko deialdian baino 885 boto gehiago. Azkenik, Geroa Bai nafarren seigarren aukera bilakatu zen atzokoan. Koalizioak hobera egiten du foru hauteskundeetan, baina ez estatukoetan. Atzo 12.622 boto (% 3,8) jaso zituen, aurreko deialdian baino 9.687 boto gutxiago.
Nafarroako bost senatariak izanen dira Navarra Sumako Amelia Salanueva, Ruth Goñi, Alberto Catalan, PSNko Antonio Magdaleno eta Geroa Baiko Koldo Martinez. Azken hori Nafarroako Parlamentuak aukeratuta joanen da Madrilera. Parte hartzari dagokionez, udaberriko deialdiarekin alderatuta, Nafarroan parte hartzea 3,32 puntu jaitsi zen % 69,21ean geldituz. Nafarren botoen % 1,09 baliogabeak izan ziren eta txirriak, berriz, % 1,03.