Futbola

Lagun Arteak galdu egin zuen Beti liderrarekin eta Etxarriri irabazi zion Arrotxapeak

Guaixe 2019ko aza. 11a, 14:19
Beti Casedano liderra Lagun Artea baino gehiago izan zen.

Preferente maila. 8. jardunaldia: Beti Casedano 3 – Lagun Artea 0 / Arrotxapea 2 – Etxarri Aranatz 0

Preferente mailako asteburuko jardunaldia negargarria izan da gure taldeendako. Kasedan, Beti Casedano liderraren kontra aritu zen Lagun Artea. Kasedakoek agindu zuten partida guztian barna, eta gutxika lakuntzarren atea zulatzen hasi ziren. Hiru gol sartu zituzten lehen zatian. Lagun Artea saiatu zen, baina arrisku gutxi sortu zuen. Bigarren zatian ongi eutsi zuen Beti Casedanok eta 3 eta 0 irabazita, lider jarraitzen dute Kasedakoek. 

El Iratin aritu zen Etxarri Aranatz, Arrotxapea taldearen kontra. Partida oso lehiatua izan zen. Etxarri indartsu atera zen zelaira eta gol aukera potoloak sortu zituen, kanpora joan zirenak. Arrotxapeak baloiaren kontrola hartu zuen eta bigarren zatian jokaldi arriskutsuak sortu zituen. 55. minutuan Etxarriren atea zulatzea lortu zuen Arrotxapeak eta partida bukaeran, 89 minutuan, bigarren gola sartu zuten Iruñerrikoek. Eta punturik gabe itzuli ziren etxarriarrak. 

Preferente mailan, Beti Casedanok jarraitzen du lider (16 puntu) Aibares taldeari 2 puntu aterata. Galdu eta gero, Lagun Artea 11. postura jaitsi da (11 puntu) eta Etxarri Aranatz 13.era (9 puntu). Asteburuan 11 puntu dituen eta sailkapenean 10.a den Lagunak B taldea izango du aurkari Lagun Arteak Barañainen, arerio zuzena, beraz. Eta Etxarri Aranatzek 9 punturekin sailkapenean 12.a den San Migel taldea hartuko du Zelai Berrin, beste arerio zuzenen arteko partida hau ere.