Atletismoa

25.479 korrikalarik lotu zituzten Behobia eta Donostia

Guaixe 2019ko aza. 11a, 16:02

Argazkia: Irutxuloko Hitza.

Euria, hotza eta haizea izan ziren 100. Behobia-Donostiako protagonistak eta Xakib Laxkar eta Gema Barrachina nagusitu ziren euritan. 76 sakandarrek osatu zuten proba

Eguraldi iragarpenek ez zuten huts egin eta euria, haizea eta hotza izan zituzten bidaide 100. Behobia-Donostian parte hartu zuten korrikalariek. 33.379 korrikalari zeuden izena emanda baina azkenean 27.084 azaldu ziren Behobiako irteera puntura. Euria eta eguraldi txarra –une batzuetan oso gogorra– izan ziren arrazoi nagusiak, baina hitzorduak hauteskunde orokorrekin bat egiteak ere ez zion faborerik egin. 

Nolanahi ere, eta eguraldi petralari hortzak erakutsiz, Behobian hasi eta Donostiako Bulebarrean despeditu zen 20 kilometroko probari gogotsu ekin zioten korrikalariek. Lehenengo, 09:45ean, urritasunen bat duten parte-hartzaileak abiatu ziren; 09:50ean irristalariak; 10:10ean elite mailako emakumeak; 10:15ean elite mailako gizonak; eta segidan, gainontzeko korrikalariak, taldetan banatuta. 

76 sakandar
Abiatu ziren 27.084 korrikalarietatik 25.479 korrikalari sailkatu ziren, tartean sakandar ugari, 76 guztira, iaz baino 4 partaide gehiago. 128 irristalarik osatu zuten proba eta Aitor Vacas (Ullibarri de los Olleros, 42:09) eta Nere Karrera tolosarra (51:55, 18.a) gailendu ziren. David Gonzalo uhartearra izan zen lehen sakandarra (43:15). Korrikalarien artean, gizonezkoetan Chakib Lachgarrek (1:00:57) ezustekoa eman zuen eta bera gailendu zen, proba irabazteko faboritoa zen Iraitz Arrospide billabonarrari bost segundo aterata. Sergio Garcia de Eulate altsasuarra izan zen lehen sakandarra (1:11:04). Eta emakumezkoetan ere sorpresa izan zen, Gema Barrachina (1:11:38) gailendu baitzen, Errenterian erasoa jo eta helmugaraino bakarrik aurrera eginez. Diana Martin bigarrena izan zen, eta azken hiru edizioko irabazle Aroa Merinok ez zuen egun ona izan eta zazpigarrena sailkatu zen. Sakandarren artean Erkuden San Martin etxarriarra sailkatu zen lehena, 4.482. postuan (1:31:19). Beste behin, atletismoaren festa ederra izan zen Behobia-Donostia.