Pilota

Nafar Kirol Jolasetako txapelak jantzi ziren Altsasun

Guaixe 2019ko aza. 14a, 16:00

Larunbat goizean Nafarroako Pilota Txapelketako 1. mailako benjaminen, kimuen, haurren eta emakumeen finalak jokatu ziren Burunda pilotalekuan. Santesteban, Nazabal, Sanchez eta Elizalde eta Maite Ruiz de Larramendi izan ziren txapeldunak

Nafarroako Kirol Jolasetako Nafarroako Pilota Txapelketako finaletako batzuk hartu zituen Altsasuko Burunda pilotalekuak larunbatean, goizeko 10:30etik aurrera. Zehazki, 1. mailako benjaminen kimuen eta haur mailakoen finalak ziren jokatu zirenak, eta, horretaz gain, Emakumezkoen Nafarroako Txapelketako final handia jokatu zen. 

Benjaminetako finala oso lehiatua izan zen. Santesteban eta Balda paretsu ibili ziren, 10 aldiz berdindu zuten. 36 minutu eta 321 pilotakada jo eta gero, azkenean, eta tanto baten aldearekin, Santesteban 18 eta 17 gailendu zitzaion Baldari. 

Kimuen lehen mailako finalean, aldiz, Nazabal izan zen jaun eta jabe. 22 minutu iraun zituen partidan, 5 tantotan utzi zuen Olza. 

Haurren mailako finalak kolore bakarra izan zuen, Oberenako Sanchezena. Bikain aritu zen, eta 18 eta 5 hartu zuen mendean Antimasberes (Barañain), 20 minutu iraun eta 112 pilotakada izan zituen partidan. 

Bukatzeko, Emakumezkoen Nafarroako Txapelketako finalean elkarren kontra aritu ziren Ruiz de Larramenditarrak. Elizalderekin aritu zen Maite, beteranoa, eta Agirre eta Olatz iloba izan zituzten aurkari. Partida lehiatua izan zen, 37 minutu iraun zuena, eta guztira 428 pilotakada gurutzatu ziren. Azkenean Elizalde eta Maite Ruiz de Lararmendik jantzi zuten txapela. 

Sari ematean Nafarroako Pilota Federazioko kide Pablo Lopez de Goikoetxeak eta Altsasuko Udaleko kirol zinegotzi Mari Carmen Goikoetxeak hartu zuten parte. 


NKJ-en finalak
1. mailako benjaminak: Balda (Larraun) 17 / Santesteban (Esteribar) 18
1. mailako kimuak: Nazabal (Oberena) 18 / Olza (Oberena) 5
1. mailako haurrak: Sanchez (Oberena)18  / Antimasberes (Barañain) 5
Nafarroako Emakumeen Txapelketa: Elizalde-Maite Ruiz de Larramendi (Oberena) 22 / Agirre-Olatz Ruiz de Larramendi (Ameskoa) 16