Ziklo-Krosa

Igor Arrietaren bigarren garaipena Karrantzan

Guaixe 2019ko aza. 15a, 09:45

Igandean XXVII. Karrantzako Nazioarteko Ziklo-Krosa irabazi zuen uhartearrak, bigarren garaipena segidan. Gorka Izagirre eta Nahia Imaz bigarrenak izan ziren larunbateko Arbuluko Ziklo-Krosean

Ziklo-Kros denboraldia pil-pilean dago eta beste behin emaitza bikainak lortu dituzte gure txirrindulariek. Larunbatean 8. Arbuluko Ziklo-Krosa jokatu zen, kadete mailatik elite eta master mailara bitartean. Hain zuzen ere, elite mailan Gorka Izagirre (Astana Pro Team) Ziordian bizi den ormaiztegiarra lehiatu zen, Jon anaiarekin batera. 2,3 km-ko zirkuitu gorabeheratsu eta konplikatuari 7 itzuli egin behar izan zizkioten txirrindulariek. Gorka Izagirrek eta Aitor Hernandezek (Erkuko T.E.) lehia bizia izan zuten baina azkenean Aitor Hernandez gailendu zen (58:55), Izagirreri 15 segundo aterata. 

Junior mailan ibilbideari 5 buelta eman eta gero El Proex taldeko Diego Ruiz de Arkaute gailendu zen (43:57). Burundako Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi 12.a sartu zen (50:05) eta bere taldekide Jon Chamorro 20.a (53:29) eta Oihan Etxeberria 25.a (56:22). Sakana Group-Aralar taldeko Jon Erdozia 29.a iritsi zen (46:58). 

Kadeteak: Nahia Imaz bigarrena eta Aimar Tadeo laugarrena
Kadeteetan –3 itzuli– El Proex taldeko Markel Olabek irabazi zuen (26:25) eta Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo podiumera igotzear egon zen, laugarrena sailkatu baitzen (27:05). Quesos Albenizko Mikel Uncilla 5.a sartu zen (27:12) eta Sakana Groupeko Aritz Oiarbide 18.a (31:14). Kadeteen emakumezkoetan Nafarroa-Ermitagaña taldean dabilen Nahia Imaz altsasuarra bikain ibili zen eta bigarrena sailkatu zen (34:32), Arabarrak taldeko Lukene Trujillano irabazletik 2 minutura (32:28).

Arrietaren bigarrena jarraian
Hurrengo egunean, igandean, XXVII. Karrantzako Nazioarteko Ziklo-Krosa jokatu zen, Espainiako Koparako baliagarria den hirugarren proba. Koparako baliagarria zenez, puntako txirrindulariak lehiatu ziren Karrantzan, Estatuko txoko askotakoak. Junior mailan, eta sekulako euria eta lokatza lagun zituztela, ibilbide gorabeheratsuari 4 itzuli eman behar izan zizkioten txirrindulariek. Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrietak lehia oso estua izan zuen Club Ciclista Ponteareas taldeko Miguel Rodriguezekin, baina, azkenean Uharte Arakilgo txirrindulari juniorra gailendu zen, lasterketa bikaina jokatu eta gero (43:02). 12 segundo atera zizkion Rodriguezi. 

Kadeteek bi buelta eman zizkioten zirkuituari eta Cangas de Onis Ciclismo taldeko Miguel Gonzalez izan zen azkarrena (22:58). Sakana Groupeko Aimar Tadeok lasterketa ona egin zuen eta 10.a sartu zen lakuntzarra (24:11), eta bere taldekide Aritz Oiarbide 22.a izan zen (25:40).