Patata operazioa bueltan da

Guaixe 2019ko aza. 15a, 11:56
Iruindarrak jakiak biltzen.

Igandean, 09:00etatik aurrera, Urdiain eta Satrustegi artean ariko dira elikagaiak jasotzen Iruñeko Alegria peñako kideak. Peñakideek eskertuko lukete herri bakoitzean jakiak toki batean pilatzea, bilketa errazteko. Hala egin dute Uharte Arakilgo jubilatu elkartekoek aurreko urteetan.

Udazkeneko klasikoetako bat da Sakanako hainbat herritan. Ibilgailu segizioa klaxonak joka eta haietan doazenak oihuka: patata operazioa, patata operazioa. 57. aldia izanen da Iruñeko Alegria peñakoek Sakanarako bidea hartuko dutena. Baratzetako eta soroetako uztak jasota, garai egokian heldu dira peñakideak jaki bilketa egitera. Patataz aparte, kuiak, kuiatxoak, babarrunak, sagarrak, intxaurrak edota dirua ere jasotzen dituzte. Guztia Iruñeko Hermanitas de los Pobres edo Behartsuen Haurrideak kongrezioari emanen diote. “Horregatik, sakandarrak eskuzabalak izatera animatzen ditugu”. 

Peñakideak Sakanarantz 08:00etan abiatuko dira Iruñeko Labrit aldapatik. Bilketa Urdiainen hasiko dute 09:00ak aldera. Etxarri Aranatz arteko bidea eginen dute han gosaltzera gelditzeko. Behin indarrak hartuta bilketarekin segituko dute. Laugarren urtez Unanura ere joanen dira. Eta gero Satrustegi bitarteko herri guztiak ibiliko dituzte jakiak biltzen. Ibilbidea despedituta mojen egoitzan utziko dituzte jasotako guztiak.