Pentsio duinen aldekoek Iruñera deitu dute

Guaixe 2019ko aza. 15a, 12:14
Altsasuko astelehen eguerdiko kontzentrazioen ondoren hitza hartzeko aukera izaten da.

Larunbatean, 17:00etan, Foruen aldeko monumentutik abiatuko da pentsio duinen aldeko manifestazioa. Sakanako Pentsiodunen eta Adinduen Koordinakundeak parte hartzeko deia egin du.

“Berdin dio nork gobernatu, guk pentsio publiko duinak defendatuko ditugu”. Pentsio duinen aldeko mugimenduak azken 22 hilabeteetan behin eta berriz errepikatu duen lelo bat da. Eta Espainian eratzen ari den gobernu berriari euren aldarrikapenak iristarazteko pentsio duinen aldeko mugimenduak manifestazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan larunbaterako. Pentsio publiko duinak leloa du deialdiak. 

Aldi berean, gogorarazi dute ia bi urteko “mobilizazioei esker aldarrikapenetako apur batzuk lortu ditugu. Baina ez dira finkatu. Haiek trabatzen dituzten lan eta pentsioen legeak indarrean jarraitzen dute”. Sakanako Pentsiodunen eta Adinduen Koordinakundeko kideek ez dute “Pentsio Sistema Publikoa bermatuta” ikusten, ezta pentsio duinak ere. Estatuko eta Nafarroako gobernuei ekintzak exijituko dizkiete larunbatean, “lanpostu duinak eta pentsio publiko, bidezko eta nahikoa ziurtatzea, pertsonek bizi duina bermatua izan dezaten”. 

Horretarako, eskatu dute “soldaten eta pentsioen eros ahalmena berreskuratzea eta haiek automatikoki birbaloratzea, gutxienez Kontsumo Prezioen Indizearen arabera. Ilbeltzetik aurrera % 0,25a berriro indarrean jarri daiteke”. Aldi berean, exijitu dute 40 urte kotizatuta aurrejubilatu direnendako zigorrik ez ezartzea. Pentsio eta soldata arrakalekin bukatzea eta menpekotasuna dutenek laguntza sare publiko eta unibertsala izan dezatela, bizitza duina bermatzeko. 

Koordinakundeko kideek nabarmendu dutenez, “gure aldarrikapenak gehiengoarenak dira: langabetu, gazte, nagusi, gizonezko zein emakumezkoenak”. Horregatik, sindikatuekin, mugimendu feministarekin, ikasle mugimenduarekin eta bestelakoekin batera mobilizazio “indartsua eta orokorra” deitu dute ilbeltzerako.