Arnasa Gara

Arnasa Gara ekimena igandean aurkeztuko dute

Guaixe 2019ko aza. 15a, 14:19
Ekimenaren Nafarroako aurkezpena herenegun egin zuten. Argazkia: UEMA.

Euskara hizkuntza nagusi diren herrietako biztanleek biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea da, gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabetu daitezen. 

Etxarri Aranazko kultur etxeak Arnasa Gara ekimenaren aurkezpena hartuko du igandean, 19:00etan. Ekimena aurkezteko Kartzela web-sailaren bi kapituluren aurre-mustutzea (abenduan mustuko dute) eta auzatea izanen dira. Arnasa Gara ekimenaren helburua da euskara hizkuntza nagusi den herriak, arnasguneak, indartzea. Haien ahalduntzea, aintzatespena eta bertako biztanleek euskara bultzatzeko duten zereginari eta garrantziari buruz kontzientziatzea bultzatu nahi ditu.

Ekimena Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bultzatu dute. Azken horretako kide diren 22 herrietan ari da garatzen kanpaina eta Etxarri Aranatz da haietako bat. Ekimena lehenik 22 herri horietan aurkeztu dute. Ondoren ekimena Euskal Herri osora helaraziko dute udalerri horien errealitatea eta garrantzia.

Adierazpenak 
UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak azpimarratu duenez, “Arnasa gara ekimenak, arnasguneak euskararendako zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi du. Herri honen berezko hizkuntza modu naturalean arnasguneetan ari da taupaka, sendo eta osasuntsu. Horregatik, arnasguneak gure hizkuntzarentzat zein garrantzitsuak diren gogorarazteko eta herritarrek horren kontzientzia hartzeko beharra ikusi dugu UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia har dezaten. Bestetik, gainerako herritarrek ere arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela jakin dezaten, hizkuntza ekologiaren ikuspegian bidea eginez”. 

Nafarroako Gobernuak, UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eta Foru Komunitateko hainbat udalerri euskaldunek Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute Beran astearte honetan. Ekimenaren helburua arnasguneak (euskara hizkuntza nagusia duten udalerriak) indartzea da, haien ahalduntzea, aintzatespena eta bertako biztanleek euskara bultzatzeko duten zereginari eta garrantziari buruz kontzientziatzea bultzatuz.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak ekimenaren kontura esan duenez, “badakigu zuen herrietan euskaraz bizi daitekeela, eta hala erakusten duzue egunero". Arnasguneen balioa aitortu zuen kontseilariak: "baloratu dezagun egunero bizi duzuen errealitatea, zuen bizilagunek duten zortea. Eta ziur gaude ekimen hau lagungarria izango dela ahalduntze prozesu horretan", esan du. Azkenik, kontseilariak azpimarratu duenez, Nafarroako herritarrek "harro sentitu behar dute beren hizkuntzetako batez, euskara kohesiorako balioa baita gure komunitaterako". Eta bide horretan, "Bidelagun onenak zuek, udalerri euskaldunak, zarete", adierazi du amaitzeko.

Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañonek azpimarratu duenez, herri gisa, “arnasgune izateagatik harro eta gustura gaude. Baita adi ere. Haur eta gazteei mundu globalizatutik heltzen zaiena, nagusiki, erdaraz da. Eta horrek eguneroko erabileran eragina du”. Beharrezkoa jo du herritarren kontzientziazioa, “dugun altxorraz jabetu behar dugu, gure hizkuntzari eusteko. Osasuntsu egon arren, hauskorrak ere baikara. Beraz, propio zaindu beharreko herriak dira gureak”. 

Kartzela web saila 
Arnasa Gara ekimeneko ardatzetako bat Kartzela web saila da. Zazpi atal izanen ditu eta 22 herrietako aurkezpenetan haietako bi ikusteko aukera izanen da. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ondoren BECen harrapatuta, ezin atera gelditu diren Lekeitio, Zumaia, Lesaka, Azpeitia, Donibane Garazi eta Ondarroako sei herritar dira protagonistak. BECen daudela pixkanaka topo eginen dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Izaera eta jatorri desberdina duten sei lagun dira. Arnasgune diren herrietakoak dira, baina, topikoak hautsiz, era askotakoak dira. Igandeko aurkezpenean web-saileko bi aktore izanen dira Etxarri Aranatzen. 

Zer da arnasgune bat?
Arnasgunetzat hartzen dira euskararen ezagutza eta erabilera %80 ingurukoa edo hortik gorakoa duten udalerriak. Udalerrien ezaugarrien artean, horietan euskara da bizilagun gehienen lehen hizkuntza, eta erabat naturala da eremu guztietan euskaraz bizitzea. Gainera, hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititzen den elementua da. Normalean, nahiko biztanleria gune txikiak izan ohi dira. Soziolinguistikaren arloan, udalerri horiek bereziki garrantzitsuak dira euskara biziberritzeko prozesuan.