Indarkeriaren kontrako programazio morea

Guaixe 2019ko aza. 15a, 14:43
Nafarroako udal hautetsiak kanpainaren aurkezpenean atzo.

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, estreinakoz, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak, Sakanako Udalekin elkarlanean, azaroaren 25aren inguruan sentsibilizazio kanpaina antolatu du.

Sakanako Mankomunitateak “emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harreman ez orekatuen eta desberdintasunen kontra era aktiboan lanean jarraitzeko konpromisoa du, horiek indarkeriaren hazitegi dira eta”. Horrekin batera, Mank-ek “emakumezkoen kontrako indarkeria mota guztien aurrean erantzuteko konpromisoa du”. Eta, horretarako, ibarreko erakundeak Berdintasun Zerbitzua jarri du martxan aurten. 

Azaroaren 25a, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna. Horregatik, Nafarroako hainbat toki entitatek, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren laguntzaz, Emakumeenganako indarkeriaren kontrako udalak kanpaina prestatu dute. Tartean dira Sakanako Mankomunitatea eta Altsasuko Udala. Mugitu! leloa du aurtengo kanpainak eta bidea egin bada ere oraindik zer ibilia dagoela adierazi nahi dute toki erakunde horiek. 

Kanpainak “bereziki” gizonezkoei egiten die dei: “mugitu eta emakumezkoen kontrako hainbat indarkeriaren konplizeak izateari utz diezaiotela. Mugitu eta aurrera egin ezazu oinordetzan jasotako pribilegioei uko egiteko. Mugitu emakumezkoen eta gizonezkoen arteko asimetria eta desparekotasuna birsortzen dituzten botere-guneetatik. Benetako berdintasunaren aldeko borrokari eta jardunari egiten zaizkien gero eta eraso gehiagoren aurrean mugitu, gizon; mugitu emakumezkoak etengabe berbiktimizatzen dituzten kuestionamendu matxisten aurrean.Gizon, mugitu, genero-estereotipoak birsortzen ez dituzten maskulinitate-ereduetara. Azkenik, gizon, mugitu eta izututa dabiltzan emakumeen bidegabekeria-egoera larriaren aurrean”. Toki erakundeek nahi dute gizonezkoek ez daitezela soilik mobilizazioetan parte hartuz mugitu, "ez ditzatela babestu bakarrik indarkeria jasaten duten emakumezkoak"

Toki erakundeek azaroaren 25aren kontura zabaldutako manifestuan gizonezko guztiak gonbidatu dituzte “hitzetatik benetako konpromisoetara jauzi egin dezaten, keinuetatik aldaketa-mugimenduetara, batzuen pribilegioetatik denondako, gizon zein emakume, eskubide osoetara”. Aldi berean, gizonezkoei dei egin diete “emakumezkoen kontrako indarkeria mota guztiak identifikatu eta errotik ezabatzeko eguneroko borrokan eta lanean parte har dezaten, emakumezkoen eta gizonezkoen benetako berdintasuna lortzeko esparru guztietan, pribatuan, etxean, kalean, lanean, esparru ekonomikoan, akademikoan eta politikoan”. Azken helburua baita “pertsona guztiak aukera-berdintasunean bizi daitezen dibertsitatetik eta askatasunetik, premiazko aldarria ere bada, ezein emakumek ez diezaion berriro aurre egin behar gizon baten indarkeria matxistari”. 

Manifestuan 
Idatzia sinatu duten toki-erakundeek “gaitzetsi” egiten dute “emakumeek edozein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten askotariko diskriminazioek eragindako indarkeria sexista mota orori”. Eta konpromisoa adierazi dute “modu aktiboan lanean jarraitzeko desparekotasunen aurka, zaurgarritasun-egoeren eta emakume zein neskatoen aurkako indarkeria-egoeren sorburu baitira, eta gure gonbita hala gobernuei eta erakunde publikoei nola nazioarteko entitateei eta gizarte zibilari, gogoeta egin eta konpromisoak har ditzaten”.

Aldi berean, elkartasuna adierazi diete “eraso edo hil dituzten emakumeei, indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakume eta neskatoei”. Eta “adin guztietako gizonezko guztiak premiatu” dituzte, “konpromisoak eta jarrera aktiboak har ditzaten, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurrean”. Azkenik, herritarrak azaren 25aren bueltan antolatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte. 

Egitaraua 
Azaroak 19, asteartea 
19:00etan Feminismoa eta Elikadura Burujabetza, Mugarik Gabe Nafarroa. Tailerra (gaztelaniaz) eta erakusketa. Olatzagutiko kultur etxean. 

Azaroaren 19tik 21era 
Baratze kritikoa erakusketa Olatzagutiko liburutegian. 
Nekazaritza sistema ulertzeko oinarrizko ideiak eta eredu nagusiei eta ordezko aukerei buruzko informazioa biltzen duen panel bidea. Egungo elikadura ereduaren mitoak, merkataritza hitzarmenak, migrazio mugimenduak, emakume nekazariak eta elikadura burujabetza inguruko gaiak jorratzen dira bertan. Sakanako Garapen Agentziak eta Berdintasun Zerbitzuak antolatuta.

Azaroak 20, asteazkena 
18:00etan, Jarain.app! Indarkeria matxistarik gabeko Sakana aplikazioaren lan saio publikoa. Altsasuko Iortia Kultur gunean. (ABENDURA ATZERATUTA).

Azaroak 22, ostirala 
17:00etatik 20:30era Neskak eta emakumezkoak ahalduntzeko autodefentsa feminista tailerra, Emaginek emana. Etxarri Aranazko kultur etxean. Izen ematea berdintasuna@sakana-mank.eus e-postan, azaroaren 18ra arte.

Azaroak 22, ostirala 
22:00etan Velma eta Cris antzezlana (euskaraz). Etxarri Aranazko kultur etxean. Udalak antolatuta.

Azaroak 22, ostirala
22:30ean Velma y Cris antzezlana (gaztelaniaz). Olatzagutiko kultur etxean. Udalak antolatuta.

Azaroaren 22tik 25era 
Baratze kritikoa erakusketa Irurtzungo liburutegian.

Azaroak 23, larunbata 
19:00etan “Mustang” (Deniz Gamze Ergüven, 2015, Frantzia) filma eta ondoren foruma. Maria Castejon Leorza, ikus-entzunezkoetan eta genero irudikatzean aditua. Irurtzungo Kultur etxean

Azaroak 25, astelehena. Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna.
Elkarretaratzeak herrietan.

Azaroak 26, asteartea 
17:00etan Olaztiko ludotekan
Izaskun Mujika ipuin kontalariaren “Gorputz osoko ipuinak”kontakizuna. 
Izaskun Mujika aktore, narratzaile eta dramatizazio irakaslea da. Nafarroako Antzerki Eskolan egin zituen Arte Dramatikoko ikasketak eta bere ikaskuntza, interpretazio, antzerki pedagogia, clown edo maskara kurtsoekin osatzen du.

“Gorputz osoko ipuinak”: Kandida oso neska zintzoa da, denak daude pozik berarekin. Denak, Kandida bera izan ezik. Ez da sentitzen eta pentsatzen duena adierazten ausartzen eta ez da bere burua defendatzeko gai sentitzen. Egun batean dena aldatzen da Kandidaren bizitzan, berak esaten ez duen guztia bere gorputzean jaiotzen den bigarren aho batek esango baitu…” Genero berdintasuna, autoestimua, elkarrenganako errespetua, besteak beste, jorratzen dituzten ipuin dibertigarriek osatzen dute ipuin sorta hau.

Azaroak 27, asteazkena  
Baratze kritikoa erakusketa Arbizuko udaletxean.

Azaroak 27, asteazkena
19:00etan Samara Velte. “Nik sinisten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua” liburuaren aurkezpena eta hizketaldia.  Arbizuko Udaletxean
Nik sinesten dizut ez da 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketari buruzko kronika liburu soil bat. Ikuspegi kritiko batetik aztertzen du auzia, eta agerian uzten du nola gurutzatzen diren indarkeria sexistaren hainbat forma kasu bakar batean: biolentzia fisikoaz harago, nola osatzen duten erasoa epaiketan ateratako argudio sexistek eta paraleloan zabaldutako epaiketa mediatiko eta sozialak. Liburu honen helburua da bortxaketaren kultura deitzen zaion hori aletzea, ulertzea eta deszifratzea; hain zuzen ere, kultura hori aldatzeko.

Azaroaren 28tik 29ra 
Baratze kritikoa erakusketa Etxarri Aranazko plazako estalopean. 

Azaroak 29, ostirala 
17:00etatik 20:30era Neskak eta emakumezkoak ahalduntzeko autodefentsa feminista tailerra, Emaginek emana. Etxarri Aranazko kultur etxean. Izen ematea berdintasuna@sakana-mank.eus e-postan, azaroaren 18ra arte.

Azaroak 30, larunbata 
17:30ean “Libre zu, libre ni” mikromusikala. Musas y fusas. Lakuntzako Kultur Etxea-n
Libre zu, libre ni, mikromusikal baten formatua daukan ikuskizuna da, non gizartean aurkitu ditzakegun hainbat egoera zein jarrera matxisten islada aurkezten da. 

19:30ean “Volar” (Bertha Gaztelumendi, 2017, Euskal Herria) filma eta ondorengo foruma. Inma Mata dokumentaleko protagonistetako batekin solasaldia 
Sinopsisa: Genero indarkeria jasan duten bederatzi emakumek asteburu bat pasa dute  elkarrekin, landan, euren  egunerokotasunetik urrun. Adin eta zeregin desberdinak dituzte baina elkar ezagutzeko gai dira hitzen beharrik izan gabe. Biolentziazko infernu horri aurre egiteko kuraiak batzen ditu baita pairatutako sufrimenduari zentzu bat eman nahi izateak ere. Eta euren bizi-esperientzia eskaintzen diete beste emakumeei  eta gizarteari.