Tokikom-ekoak albiste faltsuez eta zurrumurruez ikastera

Guaixe 2019ko aza. 14a, 19:38

Adituak lagunduta, bi gai horiei buruzko gogoeta eginen dute bihar, 09:00etatik aurrera, Basauriko Ibaigane kultur etxean. Gainera, Tokikom Sariak banatuko dira hiru mailetan.

Tokikom, euskarazko 66 toki hedabidez osatutako elkartea da eta euskarazko tokiko kazetaritzarekin lotutako topaketak antolatzen ditu urtero. Tokikomek Basauriko Ibaigane kultur gunean 80 bat pertsona elkartuko ditu ostiral goizean eta albiste faltsuek gertuko komunitatean duten eragina izanen dute hizpide. Horretarako, hainbat aditu eta arituren laguntza izanen dute. 


Alde batetik, Maldito Bulo hedabide digitalaren koordinatzaileak, Laura del Rio Leopoldok, albiste faltsuen auziaren kokapen orokor bat eginendu. Ondoren, Euskal Herriko hainbat erakunde publiko eta gobernuz kanpoko erakunde batzen dituen Zurrumurruen Aurkako Sarearen izenean, Irantzu Jauregik zurrumurruen aurkako lanean pilatutako esperientziaren berri emanen du. Eta Euskaltzaleen Topaguneko Mikel Ozaitak euskarak bizikidetza sustatzeko elementu gisa duen balioa azaldu, Auzoko esperientziaren berri ematearekin batera. Bestetik, zenbait toki komunikabidek albiste faltsu eta zurrumurruen esparruan izandako esperientziak, eta haietatik ateratako ondorio eta ikasbideak ere azalduko dituzte. 


Tokikom Sariak 
Laugarren edizioa du sariketak. Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, “toki hedabide txikietan kazetaritza lan bikainak egiten dira sarritan, baina tokiko izaerak lan horien zabalkundea mugatzen du. Sari horiekin, toki hedabide horien lana ezagutarazi eta haren kalitatea aldarrikatu nahi dugu”. Eta, horregatik, urtero moduan, hiru sari banatuko dituzte: azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena.

Sariketako epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak eta HUHEZIko Amaia Pavonek osatu dute. Epaimahaiaren idazkari lanetan aritu den Joxe Rojasek, Tokikomeko komunikazio arduradunak nabarmendu duenez, “urtetik urtera gero eta lan hobeak aurkezten direla sariketara, eta epaimahaiak gero eta zailago izaten duela azken erabakia hartzea”. 


2018ko eduki onenaren Tokikom Saria eskuratu zuen Hego Uribeko Geuria hedabideak. Horregatik, aurtengo sari banaketa bere eremuan antolatu du, Basauriko Ibaigane Kultur Etxean.