Hiru urtetan hirugarren aldiz berritu zen Espainiako Kongresua igandean. Apirilaren 28ko deialdiaren ondoren PSOEk ez zuen gobernurik osatu eta hauteskundetara deitu zuen berriro. Eta emaitzetan aldaketak izan dira, Sakanan ere.
Sakanan EH Bilduk apirilean berreskuratu zuen Ahal Duguk 2016an kendu zion indar nagusiaren rola. Koalizio abertzaleak udaberrian botoetan gora egin bazuen, igandeko deialdian bide beretik segitu du 4.253 boto jasoz, 291 boto gehiago eskuratu ditu, % 7,34ko hazkundea. Irañetan ez beste herri guztietan EH Bildu nagusi izan da.
PSOEk botoak galdu arren apirilaren 28an Sakanako hirugarren aukera izatetik bigarrena izatera pasa da, postu hori Ahal Duguri kenduta. Sozialistek udaberritik 134 babes galdu dituzte (% 7,27) eta 1.748 botorekin ibarreko botoen % 19,2 jaso ditu. Sozialistak ibarreko sei herrietan bigarren aukera izan dira sakandarrendako, Ergoienan Geroa Bairekin berdinduta. Beste lau herritan hirugarren aukera izan ziren eta bostetan laugarren hautagaitza.
Ahal Duguk kongresurako aurtengo bigarren hauteskundeetan ere botoak galdu ditu eta Sakanako hirugarren aukera bilakatu da. 469 boto gutxiagorekin (% 23,54), 1.523 sakandarrek eman diote babesa Ahal Duguri, sakandarren % 16,73. Ibarreko bederatzi herrietan hirugarren aukera izan da Ahal dugu, Arbizun Navarra Sumarekin berdinduta. Bestetik, lau herritan babes gehien lortu duen laugarren hautagaitza izan da eta bitan bosgarrena izan da.
Navarra Sumak 147 boto egin ditu behera (% 11,13) eta sakandarren artean 1.174 babes jaso ditu (%12,89). Boto galera hori izanda ere, hauteskunde emaitzek koalizioa sakandarren laugarren aukera bilakatu dute. Gainera, EH Bilduren ibarreko hegemonia hautsi duen indar bakarra izan da, Irañetan lehen indarra bilakatzean. Lau herritan koalizioa bigarren aukera bilakatu da. Hirugarrena da beste bi herrietan (Arbizun Ahal Dugurekin batera), hiru herritan laugarren hautagaitza izan da eta beste bostetan bosgarrena.
Geroa Baik udaberrian irabazi zituen botoak baino zertxobait gehiago galdu zuen igandean, 595 boto (% 35,27). Koalizioa 1.092 botorekin sakandarren botoen % 11,99 jaso ditu eta ibarrean bosgarren aukera bilakatu da, bat behera eginez. Koalizioa Sakanako bost herritan bigarren hautagaitza izan da (Ergoienan PSNrekin berdinduta), bakarrean izan da herritarren hirugarren aukera. Lau herritan, berriz, laugarren gelditu da Geroa bai eta beste bostetan bosgarren herritarren bosgarren aukera izan da.
Gainontzeko alderdiei dagokienez, Voxek Sakanan 27 boto (% 13,85) galdu ditu eta 168rekin gelditu du, % 1,85eko babesa. Ultraeskuindarrek udaberrian bezala igandean ez zuten botorik lortu ez Arruazun ezta Urdiainen ere. Eta Arakilen (12 boto), Irurtzun (38), Altsasu (85) eta Olatzagutian (13) izan ezik, gainontzeko herri guztietan hamar boto baino gutxiago eskuratu dituzte. Zero Murrizketak-Berdeak (22 boto, 2 gehiago), Bidezko Mundurantz (7 boto, 8 gutxiago) eta PCTE (5 boto) hautagaitzak izan dira sakandarren botoren bat eskuratu dituztenak.
Erroldari erreparatuta, apirilaren 28ko deialdiarekin alderatuta, botorako eskubidea 36 pertsonak gutxiagok zuten, 15.453 sakandar guztira. Haietatik botoa ematera 9.193 joan ziren. Hau da, parte hartzea % 59,49koa izan zen eta abstentzioa % 40,51ekoa. Azken horrek bost hilabeteetan 10,19 puntu egin du gora. Igandean 88 sakandarrek eman zuten boto baliogabea (% 0,96), txuriak, berriz, 61 (% 0,66).
Alderaketak
Aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuari eusten zioten EH Bilduk, Ahal Duguk eta Geroa Baik. Hiruren artean igandean Sakanan 6.868 boto eskuratu dituzte, udaberrian baino 773 boto gutxiago. Igandean emandako botoen % 74,7 dira. Egungo Nafarroako Gobernuari eusten dioten PSOEk, Geroa Baik eta Ahal Duguk Sakanan 4.363 boto lortu dituzte, emandakoen % 47,46. Udaberrian baino 1.201 boto gutxiago jaso dituzte. Boto abertzaleari (EH Bildu eta Geroa Bai) dagokionez, 5.345 sakandarren babesa jaso du, apirilaren 28an baino 304 boto gutxiago. Igandean emandako botoen % 58,14 izan ziren abertzaleak.