Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Lizarraga, Etxarri Aranatz eta Altsasuko Euskaraldia Batzordeko kideak elkartu ziren Lakuntzan larunbatean. Haiekin batera Gasteizko eta Zumarragako batzordeetako kide bana. Guztiak ere 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izanen den ariketa behar bezala prestatzeko trebatzera joan ziren. Han jakin ahal zutenez hizkuntzarekiko jarreran oinarritutako belarriprest eta ahobizi rolez aparte, Euskaraldia berriak berritasuna dakar: arigunea. Edozein enpresa, elkarte, talde, administrazioan euskaraz aritzeko espazioak sortzea sustatuko du 2020ko Euskaraldiak. Ariguneak instituzio horietan barrura begirakoak izan daitezke, edota kanpora begirakoak. Urte berriarekin batera izena emateko izanen dute, eta Euskaraldia antolatzaileek laguntza emanen diete.
Uhartearrek gogotsu hartu zuten aurreko Euskaraldia eta dagoeneko berria prestatzen hasiak direla jakinarazi zigun Virginia Moscosok. Dagoeneko Uharte Arakilek Euskaraldian izena eman du eta batzordea aste honetan biltzekoa da. “Jakina, ateak irekiak ditu” gaztigatu digu Moscosok. Gauza bera jakinarazi digute Txane Senarrek eta Idoia Gurutxarrik. Pasa den urtean berandu ibili eta herriak izena eman ez eta Arbizuren barruan apuntatu ziren lizerratarrak. 2020an ez da halakorik gertatuko Lizarragako Euskaraldia batzordeak dagoeneko herriaren izena eman duelako. Senarrek eta Gurutxarrik azaldu digutenez, Euskaraldia batzordeak ez du dinamika moztu eta Korrika dela, bestea dela, martxan aritu da. Aurreneko Euskaraldia hasi zela urte bat beteko da azaroaren 23an, San Klemente festetan. Batzordekideak zerbait makinatzen ari direla aurreratu ziguten.
Zortzi
Dira Euskaraldian dagoeneko izena eman duten Sakanako herriak: Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Lizarraga, Lizarragabengoa, Etxarri Aranatz, Urdiain eta Altsasu.