“Buruak onerako astindu dizkigute”

Guaixe 2019ko aza. 18a, 15:35
Lizarrako neska* gazteen topaketan izan ziren altsasuarrak.

Lizarran egin zen Neska* gazteen topaketen eta, batez ere, hilaren hasieran Durangok hartutako Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen balorazioa egin digute Altsasuko mugimendu feministako kideek.

Altsasuko mugimendu feministako kideek azken hilabeteetan bi hitzordu garrantzitsutan parte hartu dute: Neska* gazteen topaketak eta Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak. Ikuspuntuak partekatu ondoren mugimenduko kideek adierazi digutenez, bi hitzorduek “buruak astindu zizkiguten, baina onerako… Hainbat eztabaidaz busti ginen eta horiei gogotsu aurre egiteko asmoa daukagu. Horien artean dekolonialitearen gaia dago, gure pribilegioak berrikusteko beharra. Baita emakume* erabilera: asteriskoak emakume guztiak barne hartzen gaitu? Beharrezkoa da emakume hitzaren ondoan? Benetan denak al gaude ordezkatuta bertan?”

Bi hitzorduek Altsasuko mugimendu feministako kideek harremanak izateko baliagarriak izan direla jakinarazi digute. “Momentu benetan aberasgarriak izan ziren, hitzaldiak bezain beste, gure bizipenak eta eztabaida propioak taldean elkarbanatu genituen eta”. Mugimenduko kideendako, “halako espazio eta une gehiago elkarbanatzeko beharra argi gelditu da”. Horregatik, elkartzeko deia egin dute: “indartu ditzagun autodefentsa feminista lantzeko eta feminismoaren erronkei aurre egiteko espazioak!”

Durango 
Mugimendu feministaren helburu, estrategia eta erronka berriak eztabaidatzeko asmoz antolatu ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak hilaren 1etik 3ra. 3.000 pertsonak parte hartu zuten, haietatik 20 bat sakandarrak. Jardunaldietan “alde guztietara begiratu” zuten. Altsasuarrek azaldu digutenez, “azpimarratzekoak izan ziren barne egituraren berrindartzea eta mugimenduaren deszentralizazioaren bultzada herri eta eskualdeak indartzeko xedez”. Martxoaren 8ari begira, “paktu soziala lortzeko, bizitzaren ardura kolektibizatzeko eta zaintza lanak berrantolatzeko aldarria” nabarmendu dute.

Jardunaldien “aniztasuna” azpimarratu digute, “mahai-inguruen ponentziak abiapuntua ziren. Eta haietan bost ardatz landu zituzten: bizitzak erdigunean jartzeko agenda partekatua eta burujabetzak; dekolonialitatea; gorputzak eta sexualitatea; indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen eta, azkenik, mugimendu feministaren erraiei begirada. “Jakina, guztiak intersekzionalitatearen teorietan oinarrituriko printzipiotan ulerturik planteatuak izan ziren”. Mahai-inguruetan aritu ziren hainbat kolektibotako kideek “mugimendua bera interpelatua zuten, emakume bakoitzaren pribilegioen azterketa eta analisia egiteko beharra” agerian utzi baitzuten.  

Altsasuko mugimendu feministatik gaineratu digutenez, “jardunaldien pilareak feministen arteko saretzea eta zaintza lanak, gune seguruen sorrera, euskara erdigunean jartzea, auzolana (antolakuntzan batez ere) eta elikadura jasangarri eta bertokoaren apustua izan ziren”. Jardunaldiak aisialdirako eskaintza bazuela ere jakinarazi digute. 

Mugimendu feministako kideek argi dute “azken hamar urteetan gizartean aldaketa ugari izan direla eta eztabaida asko piztu direla. Hala ere, mugimendua bizirik eta gogotsu dago eta sistema kapitalista heteropatriarkalaren arauak apurtzeko helburuarekin”. Horretarako, eta aurrera begirako erronken artean dituzte: “hainbat borroken arteko zubiak eraikitzea, gorputz ez normatiboak ere erdigunean kokatzea eta autodefentsa”.