Azaroan Sakanan erosteak saria dauka

Guaixe 2019ko aza. 19a, 09:52
Azarokoteak sari moduan urdaiazpikoak eman zituen lau urtez.

Dagoeneko martxan delako Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkartearen Azarokotea. Erosketa bakoitzeko opari-txartel bana emanen dute dendariek, guztira 1.700 euro banatuko dituzte.

Sakanako establezimenduak eta azaroa hitz bakarrarekin lotzen dira: Azarokotea. Sakanako Dendarien, Ostalarien eta Zerbitzuen (SDOZE) elkarteak sustatzen du kanpaina eta azaroan ohiko erosketak, edo eguberriei begira egindakoak, elkarteko establezimenduetan egitera animatzea du helburu. Astelehenaz geroztik eta hilaren 30era arte SDOZEko kide diren establezimenduetan erosketa egiten duenak zozketa-txartela jaso du. 20, 30 eta 50 euroko balioa duten opari-txartelak irabazteko aukera izanen dute bezeroek. Gainera, txarteletako batek 300 euroko saria du. SDOZEko kideek Lakuntzako, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olatzagutiko 53 merkataritza eta ostalaritza establezimendutan guztira 20.000 txartel banatuko dituzte Azarokotearekin. Bestela esanda, 1.700 euro saritan. 

SDOZEk Azarokotearen bidez ia 200 urdaiazpiko oparitu ditu azken lau urteetan. Aurretik, elkarteak urdaiazpikoz, teknologia gailuz eta beste hainbat sariz betetako zareak zozketatzen zituen. Baina Azarokotea zare erraldoi bakar baten zozketarekin hasi zen duela 15 urte.   

Establezimenduak
Lakuntza: Tania arrandegia, Juncal auto-zerbitzua eta Isidoro Arregi harategia. 

Etxarri Aranatz: Argiro Optika, Iñaki ileapaindegia, Etxarri altzariak, Derry taberna, Etxarri hortz-klinika, Hostogorri altzariak, Kaxeta liburu-denda, Sabando, Lizardi eta Leku Ona taberna. 

Altsasu: Allianz Hnos Sayas aseguruak, Asensio Moda, Boutique Ekin, Lorea lore-denda, Akeita kafetegia, Bengoetxea oinetako-denda, Sorkunde harategia, Santa Cruz sukaldeak, Agurain inmobiliaria, Izara gortinak, Ramos etxetresna elektrikoak, Lezea kirolak, Ramos elektrizitatea, Cristina janari-denda, Gautxori taberna, Gertu Sakana, Iker Kirolak, Joselen Moda, Norte bitxi-denda, Larka Emakumea Gizona, Lasa Kirolak, Lezea taberna, Arkatz liburu-denda, Mari Carmen, Marigorri, ML Moda gizonezkoa, ML Moda emakumezkoa, Julene mertzeria, Pinpilinpausa haur-moda, Santa Cruz altzariak, Sakana optika, Sare oinetako-denda, Tu tienda especial, Txartel, Txikitxo, Xagu informatica,  

Olatzagutia: Olatz Etxagibel farmazia eta Pako harategia.